Gizartea -
KORONABIRUSA
Larizgoitiak dio denbora pasatuko dela 'beste kalapita' baten arriskua desagertu arte
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak ohartarazi duenez, pandemia desagertu arte "posible da" beste aldaera batzuen ondorioz olatu berriak sortzea.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Itziar Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak ohartarazi duenez, "denbora asko" igaroko da covid-19aren pandemia mundu osoan amaitu arte. Bitartean, aldaera berriak sortzeko aukera hor dagoela gogorarazi du.
Hori dela eta, nahiz eta txertaketak aurrera jarraitzen duen eta kutsatzeak murriztu diren, Euskadik koronabirusari aurre egiteko neurrien legea izatea beharrezkoa dela azpimarratu du.
Eusko Legebiltzarreko Osasun Publikoaren Batzordean Larizgoitiak astearte honetan agerraldia egin du, eta pandemiari aurre egiteko EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamenari buruz mintzatu da.
Larizgoitiaren esanetan, txertaketa-kanpainan aurrerapen "handiak" izan dira, eta egungo egoera guztiz markatu dute; izan ere, 60 urtetik gorako pertsona "ia denek" txertoaren dosi bat gutxienez jasoa dute Euskadin.
Horiek dira, hain zuzen ere, koronabirus gaitzaren aurrean talde ahulena, eta beraz, zuzendariaren hitzetan, txertoek adin-tarte horretako kutsatzeak "nabarmen" murriztu ditu.
Nolanahi ere, pandemia "oraindik" ez dela gainditu ohartarazi du eta gogorarazi du egungo intzidentzia-tasa (azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 306koa) oraindik "oso altua" dela, helburua adierazle hori 60tik beherakoa izatea baita.
Indarrean dauden neurriak mantentzen jarraitzeko deia egin du, hala nola maskararen erabilera eta pertsonen arteko distantzia. "Ezin dugu ziurtasunez esan birusa gainditzeko moduan gaudenik", gaineratu du.
"Lege-tresnak izatea beharrezkoa da"
Osasun Publikoaren zuzendariak ohartarazi duenez, covid-19aren pandemia amaitu arte, arriskuak hor dirau mundu osoan, birusa "ustekabean" berpiztu daitekeelako; izan ere, txertoa hor badago ere, koronabirusaren aldaera berri batek "beste kalapita" baten arriskua dakar.
Hori dela eta, egoera horri aurre egin ahal izateko, beharrezkoa da Euskadik lege-tresna bat izatea, Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariaren ustez.