Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadi eremu horian sartu da eta 280 positibo atzeman ditu

Intzidentzia-tasa metatua 289 kasukoa da eta gaixo kritikoak 133ra jaitsi dira. R0 indizea 0,80ra jaitsi da eta positibotasuna % 2,9an dago.

Emakume bat anbulantzia baten aurretik paseatzen Bilbon. Argazkia: EITB Media.
Emakume bat anbulantzia baten aurretik paseatzen Bilbon
Emakume bat anbulantzia baten aurretik paseatzen Bilbon. Argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi eremu laranjatik atera, eta eremu horian sartu da. Beraz, intzidentzia-tasa metatuaren beheranzko bilakaerari eutsi dio, 100.000 biztanleko 289,49 kasu izan baitira.

Hiru lurraldeek beheranzko joerari eutsi diote metatutako intzidentziari dagokionez: 160,20 kasu Araban (165,9 igandean), 308,26 Bizkaian (325,1 egun bat lehenago) eta 310,64 Gipuzkoan (332,1 aurreko egunean). Hiru hiriburuetan ere egin du behera adierazle horrek: 154,78 kasu Gasteizen, 332,25 Donostian eta 363,08 Bilbon.

Osasun Sailak astearte honetan emandako datuen arabera, EAEk 280 kasu berri atzeman ditu astelehen honetan, aurreko egunean baino lau gehiago, baina positibotasuna % 2,9ra jaitsi da azken 24 orduetan, iazko uztailaren 28tik ez bezala.

Astelehenean zehar, 9.812 test diagnostiko egin dituzte, aurreko eguneko 6.172 testen azpitik, eta 157 positibo atzeman dituzte Bizkaian (sei gehiago), 91 Gipuzkoan (bost gutxiago), 23 Araban (lau gutxiago) eta bederatzi autonomia-erkidegotik kanpoko pertsonen artean; beraz, positibotasun tasa % 2,9koa da (% 4,5ekoa zen igandean).

Oinarrizko birsorkuntza tasak ere behera egin du berriro (igandean gora egin zuen), eta 0,80ra jaitsi da, baina Araban goranzko joera izan du, 0,82ra iritsi baita, eta lau egunez jarraian igo da. Bizkaiak 0,85era jaitsi du R0 adierazlea (gaixo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten du) eta Gipuzkoak 0,73ra.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 0,72ra jaitsi da astelehen honetan Euskadi osoan (ehunen bat gutxiago).

Pandemiaren bilakaeraren beste datu positibo bat da asistentzia-presioa arintzen ari dela berriz ere, 38 gaixo gutxiago baitaude ospitaleetan.

133 pertsona daude (bezperan baino 13 gutxiago) zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 256 (25 gutxiago), berriz, gela arruntetan. Eguneko ospitaleratze kopurua (43) ez da positiboa, aurreko eguneko datuarekin alderatuta (24), baina kontuan izan behar da igandeetan ospitaleratze gutxiago izaten direla beti.

64 ikasgela itxi dituzte astearte honetan Euskadin, covid-19 kasuren bat atzeman ostean, astelehenean baino 19 gutxiago, hau da, eskolen % 0,36.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, "itxaropenerako arrazoiak ditugu", eta "horrek prebentzio neurriak aplikatzen eta betetzen jarraitzera animatu behar gaitu, balioak nahi diren eremuetara jaistea lortu arte".

"Alarma egoerarik ez badago ere, denok ezagutzen ditugun neurriak betetzen badira pandemia geldiarazten jarraitu ahal izango dugu", esan du, eta alarma egoera amaituta "interakzio sozialak areagotu" direla ohartarazi du.

Hori dela eta, datozen egunetako garapenari "adi" egongo direla esan du, "pandemiak bere horretan jarraitzen duelako eta gure familia, gizarte eta lan bizitzan zuhurrak izaten jarraitu behar dugulako".

Indiako aldaeraren hamaika kasu, baina atzera egin dute Brasilgo eta Hegoafrikako aldaerek

Euskal Osasun Zerbitzuak Indiako covid-19aren aldaeraren 11 kasu atzeman ditu orain arte, baina Brasilgo eta Hegoafrikako aldaerek "atzerakada handia" izan dute.

Orain arte Brasilgo aldaeraren 462 kasu atzeman dituzte, Hegoafrikako 98, Nigeriako 6 eta Indiako 11.

Brasilgo eta Hegoafrikako aldaerei dagokienez, Gotzone Sagarduik azpimarratu du "atzerapauso handia" ikusten dela bi aldaera horien agerpenean, "astetik astera Euskadin detektatutako kasu positiboen taldearen gaineko prebalentzia murrizten ari baita".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak