Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Enpresetan euskara planak sustatzea eskatu dute Kontseiluak, ELAk eta LABek

Hiru agenteren ordezkariak EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiekin bildu dira ekimen horren alde egiteko eskatzeko.

ELA, LAB eta Kontseiluako kideak Legebiltzarrean. Argazkia: @ELAsindikatua
ELA, LAB eta Kontseiluako kideak Legebiltzarrean
ELA, LAB eta Kontseiluako kideak Legebiltzarrean. Argazkia: @ELAsindikatua

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak bultzatzearen aldeko lanbide arteko akordio proposamena aurkeztu diete EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeei.

Euskararen aldeko erakundeko eta bi sindikatuetako ordezkariek bilera sorta egin dute alderdion ordezkariekin maiatzaren 14tik 17ra, euren asmoak azaltzeko.

Hiru eragileen helburua da Confebaskekin lanbide arteko akordioa sinatzea 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara plan bat negoziatzeko konpromisoa berresteko.

Kontseiluak, ELAk eta LABek alderdiei azaldu dietenez, "norberaren eskakizun propioei uko egin gabe, aurkeztutako proposamenak gutxienekoa izan beharko luke lan munduan aritzen diren eragile guztientzat". Gainera, azpimarratu dute akordio horren bidez "euskararen gaia agendan sartzea" besterik ez dutela nahi, hori protokolizatuz, eta ondorioz, eskaera bakarra dela enpresetan horri buruz hitz egitea, Berdintasun Planekin gertatu den bezala.

Alderdiei adierazi diete udazkenean negoziaketa formala hasteko asmoa dutela, eta akordioaren aldeko giroa sortu nahi dutela. Horregatik, Legebiltzarrean proposamenaren aldeko adierazpena egitea eskatu diete.

Agenteon hitzetan, alderdiek harrera ona egin diete proposamenari eta azaldutako adierazpena nola gauzatuko den eztabaidatzekotan geratu dira.

Alderdiokin eta CCOO sindikatuarekin bilera egon ondoren, hiru agenteok aurkezpen bilerekin jarraituko dute, UGTrekin, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin eta Confebaskekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz EAJ-PNV ELA LAB Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak Gizartea Ekonomia EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Enpresaburuak Kontseilua