Gizartea -
KORONABIRUSA
25 pertsona hil dira Euskadin joan den astean covid-19ak jota
368 positibo berri zenbatu dituzte. Hobera egin dute, bestalde, ZIUetan dauden gaixoen kopuruak (131) eta intzidentzia metatuak (275).
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Joan den astean (maiatzaren 10a eta 16a bitartean) 25 pertsona hil dira Euskadin covid-19a dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera. Aurreko astean baino 14 gutxiago dira, orduko hartan 39 gaixo hil baitziren. Asteartean 368 positibo berri atzeman dituzte, astelehenean baino 88 gehiago.
Buletin epidemiologikoan bildutako eguneko datuei dagokienez, azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasak behera egiten jarraitzen du, eta 100.000 biztanleko 275,76 kasutan kokatu da (aurreko egunean baino 13 puntu gutxiago). Horrez gain, ZIUetan dauden gaixoen kopurua (131) apur bat jaitsi da, astelehenean baino bi pertsona gutxiago baitaude egoera kritikoan.
Bizi Berri III Planean jasotako adierazle nagusiek hobera egin dute azken orduetan. Salbuespen bakarra dago: R0 indizea (positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua zehazten duena), hamarren bat igo baita bezperarekin alderatuta, eta 0,81ean dago orain.
Atzokoan 8.873 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 939 gutxiago) eta 368 kutsatze berri atzeman (proben % 4,1). Datuak lurraldez lurralde jasota, hauek dira: Araban, 31; Bizkaian, 221; Gipuzkoan, 113; eta hiru, EAEtik kanpo bizi dira. Bizkaia eta Gipuzkoa dira birusak gogorren astindutako lurraldeak, antzeko intzidentzia-tasa metatua dutela (295,64 eta 293,56 kasu, hurrenez hurren); dena dela, eremu laranja utzi dute. Araba ere hori dago aspalditik, 100.000 biztanleko 151,12 kasu zenbatu baitituzte.
EAEko hiriburuek ere hobera egin dute adierazle horretan: 100.000 biztanleko 145,92 kasu ditu Gasteizek; 341,15 ditu Bilbok; eta 320,19, berriz, Donostiak.
Ospitaleen egoera arindu egin da
Ospitaleen egoerari dagokionez, covid-19aren ondorioz 48 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, bezperan baino bost gehiago, eta birusa duten 131 pertsona ZIUetn daude. Guztira, 246 pertsona daude erietxeetako gela arruntetan.
Tasen arrazoiari (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) erreparatuta, 0,72an mantendu da.
Koronabirusak EAEko ikastetxeetan duen eraginari buruzko datuak ere eskaini ditu Hezkuntza Sailak. Horien arabera, orotara 66 ikasgela daude itxita 48 ikastetxetan; hots, ikasgela guztien % 0,38. Ez dago aurrez aurreko eskola jarduera eten behar izan duen ikastetxerik.
Euskadin bezala, Nafarroan ere gora egin dute positiboek, 72 kutsatze atzeman baitituzte azken orduetan, bezperan baino 23 gehiago. Nolanahi ere, duela 14 egun zenbatutakoak baino 37 gutxiago dira.