Gizartea -

EUSKARA

Bilbao: "Euskararen markoa blindatu behar dugu, epai gehiago nahi ez baditugu"

Auzitegiek euskararen inguruan aspaldi hartuta duten norabidea berretsi baino ez du egin Irungo Udalera iritsi den epaiak, Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez. Gaur, bilkura deitu dute hori salatzeko.

Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusia, asteon egindako agerraldian.
Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusia.
Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusia, asteon egindako agerraldian.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Harrabotsa eragin du euskalgintzan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udalak hainbat lanpostutarako ezarritako hizkuntza eskakizunak baliogabetu izanak, eta gaur hori salatzera aterako dira kalera Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileak. Hiru mezu argi plazaratuko dituzte: epaia erabaki politikoa da, erantzun bateratua eman behar zaio eta ezinbestekoa da euskararen markoa blindatzea.

11:00etarako dago deituta elkarretaratzea, Bilboko Justizia Auzitegiaren parean, "Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez!" lelopean, eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan,  haserrea erakustera eta norabide berri bat hartzeko ordua dela esatera aterako dira kalera. "Oso garbi dugu epaiak dioena ezin dugula onartu. Tamalez, jakin badakigu halako gehiago etorriko direla, eta horiei bidea ixteko bidea da bilatu behar duguna, denon artean”, esan du.

Irungoa adibide bat baino ez dela argi du Bilbaok, "aspalditik nagusitzen ari den joera baten beste froga bat". Horren esanetan,  azkenaldian epaitegietatik euskarari buruzko gaietan iritsi diren hainbat ebazpenek erakusten dute "Botere Judiziala ari dela hizkuntza politika egiten", indarrean dauden legeen "berrirakurketen bidez". Euskararen hizkuntza komunitatearen eskubideak "are gehiago urratzea" dakarte epaiek, epaileak ari baitira erabakitzen "nork jakin behar lukeen euskaraz eta nork ez". Euskalgintzaren Kontseiluko kideak gogora ekarri duenez, erakundeei dagokie lanpostuen hizkuntza eskakizunak erabakitzea, horretarako onartuta dagoen "dekretua aintzat hartuta".

"Auzitegietatik ezarri nahi duten norabidea ikusita", euskararen markoa blindatzea beste aukerarik ez du ikusten Bilbaok. Hala, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea berrikusteko ordua dela nabarmendu du, halako epaiei zirrikiturik utziko ez dien testua "ondo lotuta" uzteko. "Ezin gara joko horretan erori, eta epaiak noiz etorriko zain egon. Bideak eta moduak aurkitu behar ditugu epai hau neutralizatzeko;  zirrikitu guztiak itxi, halako epai gehiagori bide ez emateko”,  nabarmendu du. Hori egin ezean, "atzerapauso handi bat” etor litekeela ziur agertu da.

Erantzuna nondik eta nola eman behar den ere ez du zalantzarik. Etorriko bada, "euskalgintzaren, eragile sozial eta politikoen, eta erakunde publikoen batasunetik etorriko da".  Zentzu horretan, Euskalgintzaren Kontseilua bilerak egiten hasita dagoela aurreratu du, "erantzun bateratu baterako oinarriak ezarri eta estrategia bat adosteko”.  

Administrazio publikoan datozen urteotan "lan deialdi asko" etor daitezkeela kontuan izanda, Bilbaok uste du "premiazkoa” dela  euskararen egungo markoa "moldatzea eta egokitzea”, eta Katalunia jarri du adibidetzat: "Garbi dago Katalunian halako epairik ez litzakeela iritsiko, beste blindaje bat du katalunak. Gurean, beraz, pentsatu dezagun zer aldaketa egin behar diren, langile elebidunak bermatuko dituzten lan deialdiak inolako arazorik gabe aurrera ateratzeko”.

Zein da bidea? Galdera hori erdigunean jarri, eta erantzun bateratu bat adostea proposatzen du Euskalgintzaren Kontseiluak. Gaur, Bilboko elkarretaratzeak, euskararen jiran dabiltzan herri mugimenduen eta ordezkari sindikal zein politikoen indar erakustaldia izan nahi du. Batuta eta elkar hartuta aterako dira plazara,  euskal hiztunen eskubideak defendatzera, eta modu horretan marraztu nahi dute etorkizuneko bidea ere.

"Diskriminatzailea"

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak maiatzaren 13an kaleratutako epaia da, haserrea eragin duena. Bertan behera utzi zituen Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat "diskriminatzailea" dela argudiatuta.

Epaiaren arabera, ez litzateke beharrezko udaltzain den-denek euskara jakin beharra izatea herritarrek administrazioarekiko harremana euskaraz izateko aukera bermatzeko. Hau da, testuak jasotzen du herritarrek eskubidea dutela administrazioarekin euskaraz aritzeko, baina nahikoa dela "jendeari arreta egiten dion udaltzainetako batek" euskaraz jakitea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Eusko Jaurlaritza Euskararen eguna Auzitegi Gorena argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Irun albisteak gaur Gaurko azken ordukoa Auzitegi Konstituzionala EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak Euskararen normalizazioa