Gizartea -

EUSKARA

Euskararen aldeko borrokan "eragileen arteko batasuna" aldarrikatu du Kontseiluak

Eragile sozial, sindikal eta politikoei dei egin die Paul Bilbaok, euskarekin lotutako gaietan auzitegietatik heltzen ari diren epaiei aurre egiteko. "Atzerapauso" handiak etor daitezkeela esan du.

Euskalgintzaren Kontseiluaren protesta, Bilbon, gaur.
Euskalgintzaren Kontseiluaren protesta, Bilbon.
Eragile sozial, politiko eta sindikalen arteko batasuna aldarrikatu du Kontseiluak

1:58

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Justizia Auzitegiaren parean eta "Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez!" lelopean, ehunka pertsona batu dira, euskararen defentsan estrategia bateratu bat adosteko eta norabidea zehazteko ordua dela esatera.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udalak hainbat lanpostutarako ezarritako hizkuntza eskakizunak baliogabetu izana salatzeko deitu dute bilkura, eta Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzo hizkuntza gutxituen legea partzialki bertan behera uztearen kontrako ebazpena gaitzesteko protesta ere bilakatu da.

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, eragile sozial, sindikal eta politikoei dei egin die, guztien artean estrategia bat adosteko, "auzitegietatik iristen ari zaigun erasoaren aurrean". Hizkuntza politikarekin lotutako erabakiak epaileen esku geratzen ari direla salatu du. Euskal Herri osoan "elkarrekin eta batuta" erantzuteko ordua dela adierazi du Bilbaok.

Datorren larunbaterako ere, euskalgintzak elkarretaratzea deitu du Baionan, Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen kontra hartutako erabakia salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Bilbo Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskararen eguna Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskaraldia EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Euskalgintzaren Kontseilua