Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetza aste amaieran hasiko da AstraZenecaren bigarren dosirako mezuak bidaltzen

Pfizer baztertu zuten 60 urtez azpiko oinarrizko langileekin "agenda berezia" prestatu dute. Asteon immunizazioa osatu behar zuten 11.475 pertsonetatik % 65ek serum estatubatuarra hautatu dute.

Gotzone Sagardui. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Gotzone Sagardui
AstraZenecaren zain geratu direnei, aste hontan bidaliko diete txertatzeko mezua

1:33

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AstraZenecaren lehen dosia jaso, eta bigarren dosirako Pfizerrena jasotzea baztertu zuten 60 urtez azpiko oinarrizko langileei aste honen amaieran hasiko zaie hitzordua hartzeko mezua bidaltzen, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur iragarri duenez.

Sagarduiren hitzetan, immunizazioa AstraZenecaren prestakinarekin amaitu nahi dutenekin "agenda berezia" sortu behar du Osakidetzak. Ostegunean bertan hasiko dira, sailburuak zehaztu duenez, bigarren dosia jaso behar duten horiei mezuak bidaltzen. Lehen dosia jaso zutenen ordena bera kontuan izanda emango dute bigarrena, dosi hura jaso zutenetik 12-16 aste igarota dituztenekin hasita.

Gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan egin du iragarpena Osasun sailburuak. Halaber, zehaztu du asteon txertatu behar zituzten 11.475 oinarrizko langileetatik 7.432k Pfizer aukeratu dutela bigarren txertorako; hots, % 65ek Osasun Publikorako Batzordearen aholkuari men egin dio.

Espainiako Gobernuko Osasun Batzordeak Pfizer lehenetsi zuen AstraZenecaren txertoa jaso duten 60 urtetik beherakoen bigarren dosirako, baina Lurraldearteko Kontseiluak AstraZeneca eta Pfizer etxeen txertoen artean aukeratzeko beta eman zien herritarrei. Hala, immunitatea prestakin berarekin osatu nahi zutenek, baina, baimen idatzia sinatu behar izan dute.

Horren ildoan, Osakidetzak "agenda berezia" prestatu du bigarren dosirako ere AstraZeneca hautatu dutenenekin, eta dagokienean eta dosi nahikoa dagoenean, SMS mezu bat bidaliko die. "Mezu horri itxaron beharko diote, Osakidetza jarriko da eurekin harremanetan", nabarmendu du sailburuak.

Lehen mezuak, Sagarduiren arabera, ostegunean hasiko dira bidaltzen. "Espero dugu aste honen amaieran mezuak bidaltzen hastea, eta, posible bada, txertatzen hastea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zientzia berriak Medikuntza albisteak Sendagileen albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako Ospitalea albisteak Erizaintza Botikak albisteak Txertoak azken ordukoa Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea COVIDaren agerraldiak gaur Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Osasun zentroak gaur Osasunbidea