Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid pasaportea eskuragarri dago jada Osakidetzaren webgunean

Oraingoz, sinadura elektronikoaren bitartez baino ezin da eskatu egiaztagiria.

Sakeleko telefono bat eta covid-19aren informazioa pantailan. Argazkia: EITB Media.
Sakeleko telefono bat eta covid-19aren informazioa pantailan
Bihartik aurrera Osakidetzaren webgunean eskuratu ahal izango da covid ziurtagiria

1:18

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek gaurtik (ekainak 9) aurrera izapidetu ahalko dituzte covid-19aren aurkako txertoa jarrita dutela edo gaixotasuna igaro dutela egiaztatzen duten ziurtagiriak, biak ala biak oraingoz sinadura digitaleko prozesu baten bidez.

Uztailaren 1etik aurrera Europar Batasunean barrena bidaiatzeko aukera ematen duen pasaportea izapidetzeko aukera 09:00etan aktibatu du Osakidetzaren webguneak.

Oraingoz sinadura digitalaren bidez bakarrik egin ahal da izapide hori, baina Osakidetza prozedura "irisgarriagoak" eskaintzeko lanean ari da, atzo Sagardui sailburuak iragarri zuenez.

Txertaketaren pauta osoa egin duten pertsonek edota gaixotasuna pasatu dutenek eskuratu ahalko dute.

Zure interesekoa izan daiteke: Nola eskuratu "covid pasaportea"?

Espainiako mugak turistei irekitzearekin bat, hainbat autonomia erkidegok, Extremadurak, Andaluziak, Nafarroak, Valentziak eta Aragoik, besteak beste, astelehenean jarri dute martxan ziurtagiri hori, proiektu pilotu baten barruan.

Txertaketa oporretako helmugetan

Txertoaren bigarren dosia opor lekuan jartzeko aukeraren inguruan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak argi utzi zuen EAEko estrategiak "pauta osoa bakoitzari dagokion erkidegoan" jasotzea aurreikusten duela. Atzoko gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan egin zituen adierazpenok.

Ildo horretan, txertoari lehentasuna eman behar zaiola esan zuen, eta Pfizer, AstraZeneca edo Modernaren bigarren dosia noiz emango zaien kalkula dezaketela.

Data hori oporrekin bat etorri, eta oporrei lehentasuna eman nahi dietenek hitzordua baliogabetu beharko dute, eta beste hitzordu baten zain geratu beharko dute.

"Guztiok oporretan pentsatzen dugu, baina ez dezagun ahaztu pandemia egoeran jarraitzen dugula eta gure ingurua defendatzeko tresnarik onena txertoa jartzea dela", azpimarratu zuen.

Euskadin milioi bat dosi baino gehiago jarri dira (1.003.740) eta biztanleen % 34k dute pauta osoa. "Iristen den guztia inokulatzen dugu", esan zuen sailburuak, eta aste honetan Euskadira Pfizerren 112.320 txerto (aurreikusitakoa baino % 12 gutxiago), Janssenen 6.700 dosi eta Modernaren 14.400 iritsiko direla iragarri zuen.

Txertoek pandemiaren bilakaeraren "datu itxaropentsuak" eragiten dituztela azpimarratu zuen, baina zuhurtzia eskatu zuen, EAEko osasun sistemak "tentsioan" jarraitzen duelako eta pandemia oraindik indarrean dagoelako.

Astelehenean hasi ziren 49 urteko pertsonak immunizatzen, eta 49 eta 40 urte artekoak txertatzen jarraituko dute datozen egunetan.

60 urte baino gutxiago dituzten eta AstraZenecaren lehen dosia jaso duten oinarrizko kolektiboetako pertsonei dagokienez, sailburuak jakinarazi zuen horien % 70 Pfizerren txertoa onartzen ari direla prozesua amaitzeko.

BIDEOA: EAEk ez du aurreikusten oporretan datozenak hemen txertatzea 

EAEk ez du aurreikusten turistei txertoa ematea
EAEk ez du aurreikusten turistei txertoa ematea
EAEk ez du aurreikusten turistei txertoa ematea

1:27

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Turismoa Euskadi albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Anbulatorioak Covid ziurtagiriaren berriak