Gizartea -
Pobrezia
Pobreziak behera egin du EAEn, baina pobreen eta aberatsen arteko aldea hazi egin da
Eusko Jaurlaritzaren arabera, herritarren % 90 ongizate-egoeran bizi dira eta migratzaileen familiak eta guraso bakarrekoak dira gehien sufritzen dutenak. Haurren pobreziak gora egin du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Azken bi urteetan pobrezia-mailak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Alabaina, haurren pobrezia areagotu egin da, baita pobreen eta aberatsen arteko aldea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Pobrezia eta Desberdintasun Sozialak izeneko ikerketaren ondorio nagusiak dira. Txostenaren xehetasunak gaur aurkeztu ditu Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Bi urtean behin egiten den ikerketaren arabera, herritarren % 90 ongizate-egoeran bizi dira, gizarteak koronabirusaren pandemia pairatu duen arren.
Pobreziak, batez ere, adin txikikoak dituzten eta ikasketarik gabeko migratzaileen familiei eragiten die. Pobrezia-maila % 6,1etik % 5,6ra jaitsi da 2018 eta 2020 artean. 2014ko daturik baxuena da. Alabaina, gora egin du guraso bakarreko familien pobrezia-tasak, bereziki emakumeen kasuan.
Halaber, 14 urtetik beherako umeen % 11,7 pobrezian daude. 2008tik tasarik altuena da, orduan haurren pobrezia % 7,3koa baitzen. Elikagaiak eskuratzeko arazoak dituztela ohartarazi dute.