Gizartea -

KORONABIRUSA

498 kasu berri atzeman dituzte EAEn, erdiak Gipuzkoan

Positibitatea % 5,9koa da. Mallorcara, Saloura eta Bordelera egindako ikasle bidaiek zein Hernaniko San Joan jaiei lotutako agerraldiak, besteak beste, kasu ugari eragin dituzte gazteengan.

Gazte bat PCR proba egitera joanda, Hernanin. Argazkia: EITB Media
Gazte bat PCR proba egitera joanda, Hernanin. Argazkia: EITB Media
Apiril amaierako positibo kopuruetan, hiru agerraldiren ondorioz

1:33

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19 kasuen igoera geldiezina da oraingoz Euskal Autonomia Erkidegoan: ostiral honetan 498 kasu berri diagnostikatu dituzte, aurreko egunean baino 92 gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 8.417 proba diagnostiko egin zituen atzo, ostegunean baino gehiago (6.628) eta proben % 5,9k emaitza positiboa izan zuten.

Lurraldeka, Gipuzkoan izan da igoerarik handiena: 248 positibo berri izan ziren atzo (ostegunean baino 78 gehiago), Bizkaian 193 (aurreko egunean baino 15 gehiago) eta Araban 51 kasu (aurreko egunean baino 6 gehiago). Gainera, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren 6 pertsonek ere positibo eman zuten atzo.

Agerraldiak

Mallorcara egindako ikasturte amaierako bidaien inguruko agerraldiak 267 positibo utzi ditu orain arte EAEn (ostiraleko datua), eta 178 kasu izan dira Hernanin, 7 egunetan, ustez San Juan jaiei lotuta. Soraluzen beste 24-27 positibo izan dira ikasleek Saloura egindako bidaia bati lotuta, eta beste 10 kasu Donostian, Bordelera joandako ikasleen artean. Agerraldi guztiek irekita jarraitzen dute, eta diagnostiko probak egiten ari zaizkie une honetan kontaktu estuei.

Ospitaleetako egoerak egonkor jarraitzen du

Pandemia hartzen ari den joera arriskutsuak ez du oraingoz, behintzat, islarik izan ospitaleetan. Atzo covid-19a zuten 7 pertsona ospitaleratu zituzten (aurreko egunean baino 19 gutxiago) eta une honetan 33 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU), osteguneko kopuru bera.

Udalerriei buruzko informazioa, RO indizea eta metatutako intzidentziari buruzko informazioa ez du Eusko Jaurlaritzak astelehenera arte eguneratuko.

150 covid kasu berriko langa gainditu du Nafarroak, apirileko datuetara itzuliz

Nafarroako Foru Erkidegoan ere gorakada handia izan dute covid-19 kasuek azken 48 orduetan. Ostegunean, 113 kasu berri atzeman zituzten, aspaldi ikusi gabeko kopurua, eta atzo, ostirala, 152 kutsatze berri atzeman zituzten, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Atzo 1.444 PCR eta antigeno test egin ziren eta % 10,5ak positibo eman zuen.

Apirilaren amaieratik ez zen egunean 150 kasu baino gehiago atzematen Nafarroan.

Saloura joandako 16 taldetako 26 gaztek positibo eman dute azken egunotan, eta ostiraletik baheketa berezia egiten ari zaizkie handik itzuli diren 17 eta 25 urte bitarteko gazteei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak