Gizartea -

Indarkeria matxista

Barakaldoko azken bi sexu-erasoak gaitzetsi dituzte herritarrek

Dozenaka pertsonak "azken hilabeteotan Barakaldon indarkeria matxistak izan duen bilakaera oso larria" salatu dute. Izan ere, kasuen gorakada nabaria atzeman dute, "batez ere covid-19aren pandemia hasi zenetik".

Barakaldoko azken bi sexu-erasoak gaitzetsi dituzte herritarrek. Argazkia: EITB Media
Barakaldoko azken bi sexu-erasoak gaitzetsi dituzte herritarrek. Argazkia: EITB Media
Elkarretaratzea Barakaldon, asteburuan salatu diren bi sexu-erasoak gaitzetsi eta neurriak eskatzeko

1:15

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute igande arratsaldean Barakaldon (Bizkaia), egun berean bi emakumek jasandako sexu-erasoak salatzeko.

Ostiraletik larunbaterako goizaldean, gizon bat, lagunekin zegoen emakume bati sexu-erasoa egiten saiatu zen, Lasesarre inguruan. Udaltzaingoak atzo goizean atxilotu zuen susmagarria.

Ordu batzuk geroago, 19 urteko beste emakume batek sexu-erasoa jasan zuen. Kasu honetan, Ertzaintzak larunbat arratsaldean atxilotu zuen ustezko erasotzailea. Ikerketa zabalik dago oraindik.

Hori dela eta, Argitan elkarte feministak elkarretaratzea egin du Herriko Plazan, 18:00etatik aurrera. Udalak ere bat egin du protestarekin.

'Erasorik ez, erantzunik gabe' lelopean, dozenaka herritarrek elkarretaratzean parte hartu dute, eta "azken hilabeteotan Barakaldon indarkeria matxistak izan duen bilakaera oso larria" salatu dute. Izan ere, kasuen gorakada nabaria atzeman dute, "batez ere covid-19aren pandemia hasi zenetik".

Gainera, "Matxismoaren aurkako ekintzak adierazpen eta ekintza sinbolikoetara mugatzeari uzteko eta benetako ekintza integraletara pasatzeko" eskatu die Argitanek erakunde publikoei.

Barakaldok babesa adierazi die erasotako emakumeei

Testuinguru horretan, Barakaldoko Udaleko Erasoen Aurkako Mahaiak bilera egin du gaur goizean, "indarkeria matxistaren azken kasuak gaitzesteko", eta bat egin du elkarretaratzearen deialdiarekin.

Halaber, Udalak bi kasuetan herri akusazio gisa aurkezteko aukera eskaini die emakume erasotuei, salaketa-prozesuan babesa izateko.

Gainera, adierazpen instituzionala kaleratu dute, eta puntu lila duen pankarta bat jarriko dute udaletxeko balkoian.

Erasoen aurkako Mahaia hiriko emakumeen elkarte eta taldeetako eta LGTBIQ+eko ordezkariek, alderdi politikoek eta ordezkaritza teknikoak osatzen dute.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eraso matxistak gaitzetsi ditu, "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun handiena suposatzen dutelako".

"Ulertezina da horrelako albisteak entzuten jarraitu behar izatea eta emakumeok, emakume izateagatik bakarrik, horrelako ekintza nazkagarri eta iraingarrien eraginpean egon behar izatea", deitoratu du.

Hori dela eta, Udalak lanean jarraituko du "erasoak ikusarazteko eta biktimen ondoan egoteko, gure esku dagoen babesa eskainiz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Bizkaia Barakaldo Delituak Salaketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Matxismoa Feminismoa