Gizartea -

ERASO MATXISTA

27 urteko emakume bat labankatu dute Barakaldon

Ertzaintza emakumearen bikotearen bila dabil, erasoaren egilea delakoan. Gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu dute, 12:30ean, Gurutzetan. Bestalde, Tuterako Udaltzaingoak 36 urteko gizon bat atxilotu du, genero indarkeria leporatuta.

Erasoaren tokia, Barakaldoko (Bizkaia) Okeluri kalean. Irudia: EiTB Media
Erasoaren tokia, Barakaldoko (Bizkaia) Okeluri kalean. Irudia: EiTB Media
Erasoaren tokia, Barakaldoko (Bizkaia) Okeluri kalean. Irudia: EiTB Media

E. J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

27 urteko emakume bati labankada bat eman diote bart Barakaldoko Gurutzeta auzoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Ertzaintza genero indarkeria kasu gisa ari da ikertzen erasoa, eta gizon baten bila ari da, biktimaren bikotekidea litzatekeena, erasoaren egilea delakoan.

Erasoa 21:00ak aldera gertatu zen, Okeluri inguruan, eta biktima Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Antza denez, emakumeak zauri arinak zituen, zorionez, eta alta eman diote larunbat honetan.

Ertzaintzak zabalik du ustezko erasotzailea atxilotzeko operazioa baina oraindik ez dute topatu. Barakaldoko Udalak jakitera eman duenez, 29 urteko gazte bat da susmagarria, eta genero indarkeriagatik aurrekariak ditu.

Barakaldoko Udalak "erasoen aurkako mahaia" bildu du goizean. Hiriko elkarte feministek, emakume taldeek, LGTBIQ+ kolektiboak, udaltzaingoak eta Udaleko Emakume Arloak osatzen dute mahaia.

Erasoa gaitzesteko mugimendu feministak deitu ditzakeen elkarretaratzeekin bat egin du Udalak.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak ohar batean gertatutakoa "irmo eta argi gaitzetsi" du. "Emakumeen aurkako indarkeria ezin dute isildu", azpimarratu du agintariak.

"Horregatik, gure kaleetan zein buruzagien ahotik salatzea da hain garrantzitsua, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak arazo bat izaten jarraitzen duela gogora ekartzeko; baturik lan egin beharra dugu horrekin bukatzeko", esan du.

Alkateak erasoaren biktimari elkartasuna adierazi dio. Udalaren zerbitzuak biktimaren esanetara daudela gogorarazi du.

Gaitzespena adierazteko elkarretaratzea, bihar, Gurutzetan

Eraso matxista horren aurrean, Argitan elkarte feministak elkarretaratzea deitu du gaurko, igandea, 12:30ean, Gurutzetako Ospitalearen aurrean.

Halaber, sare sozialetan, #barakaldomatxismoarenkontra traolarekin gaitzespen-mezuak argitaratzeko eskatu du Argitanek, eta agintari publikoei "adierazpen sinbolikoak alde batera uzteko eta matxismoaren aurkako benetako politika integralak martxan jartzeko" eskatu die, hezkuntzatik hasi eta emakumeentzako babesa eta neurri sozioekonomikoak bermatzeraino.

Elkartea "haserre" agertu da "agintari publikoek, batez ere Barakaldoko Udalak, auzia gaizki kudeatu dutelako; izan ere, informaziorik ez ematea erabaki dutenez, beste behin ere, albiste okerrak agertu dira".

Beste eraso matxista bat Tuteran

Bestalde, Tuterako Udaltzaingoak 36 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean, genero indarkeria leporatuta.

Udaltzaingoak azaldu duenez, 00:30 aldera bikotekideari eraso zion, Griseras kalean. Gizonak biktima zauritu zuen, aurpegian eta buruan.

Hori dela eta, atxilotua Foruzaingoarengana eraman zuten, atestatua egiteko eta epailearen esku jartzeko.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak haurrak Ertzaintza Indarkeria matxista gaur Herriak eta Hiriak Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gurutzetako ospitalea Mundu matxista Gazteak