Publizitatea
Itxi

2021/07/21

12:56

Gizartea

Koronabirusa

Pandemiako positibo kopuru altuena atzeman du EAEk: 1.583 kasu

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Azken astean lau pertsona hil dira covid-19ak jota. Horrez gain, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatuak goraka jarraitzen du, eta 100.000 biztanleko 600eko langa igaro du jada.

2:01
Gotzone Sagardui
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Harrotuta jarraitzen du birusak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta horren lekuko, astearte honi dagokion positibo berrien kopurua: 1.583, pandemia abiatu zenetik zenbatutako altuena

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu du zorigaiztoko datua, Legebiltzarrean pandemiaren bilakaeraren berri emateko agerraldian. Aurrez, iazko azaroaren 5ean jo zuten goia kutsatzeek, orduko hartan 1.547 kasu hauteman baitzituzten.

Positiboen gorakada ez ezik, ospitaleen egoeraren kaskartzea ere protagonista da gaurkoan. Sagarduik iragarri duenez, orotara 188 gaixo daude erietxeetako gela arruntetan (bezperan baino 15 gehiago). ZIUetan, berriz, eri kritiko bat gehiago dute (44tik 45era igaro dira). Ospitaleetan dauden gaixoen adinaren berri ere eman du Sagarduik, eta jaitsi egin dela azpimarratu du: batez beste, 52,49 urte dituzte.

Bestalde, eta aurreko astean ez bezala (ez zen inor zendu), uztailaren 12tik 18ra doan aste epidemiologikoan lau pertsona hil dira covid-19ak jota.

Buletin epidemiologikoa eguerdian kaleratu du Jaurlaritzak, eta bertan eman ditu gainerako datuak. Horien arabera, lurralde guztietan egin du gora transmisioak, baina bereziki Bizkaian izan da gorakada, 873 positibo zenbatu baitituzte (bezperan baino 179 gehiago). Gipuzkoan horren erdia pasatxo atzeman dute, hots, 481 kasu (aurreko egunean baino 37 gehiago) eta Araban 189 izan dira positiboak (50eko igoera). Horiei guztiei, EAEtik kanpo bizi diren 40 pertsonen kutsatzeak gaineratu behar zaizkie.

Sailburuaren esanetan, "argi dago ospitaleratzeak hazten ari direla, baina, zorionez, ospitaleen egoera larriagotzen ari bada ere, ez du intentsitate berarekin egiten, ezta heriotzek ere".

Azken 14 egunetan pilatutako tasak ere langa gainditu du, 100.000 biztanleko 600ekoa, hain zuzen (630 puntutan dago, bezperan baino 45 gehiago). Sagarduik zehaztu duenez, duela hilabeteko tasa halako sei da uztailekoa.

Oinarrizko birsorkuntza-tasari dagokionez, R0 bezala ere ezagutzen dena, pixka bat igo da bezperarekin alderatuta, 0,01 puntu, 1,30ean kokatu arte.

"Ezin dugu dena txertoaren esku utzi"

Sagarduik aitortu du "egoera erabat berri baten" aurrean daudela, eta txertaketa kanpainaren garrantzia azpimarratu du, birusa garaitzeko hori baino gehiago beharko dela erantsi badu ere. "Tresna erabakigarri bat dugu pandemiaren aurka egiteko: txertoak, baina ezin dugu dena horren esku utzi. Txertaketak aurrera egin duen heinean, birusaren larria, ospitaleratzeak, ZIUetako okupazioa eta heriotzak arindu edo jaitsi dira, baina udan eta oporretan, gora egiten dute harreman sozialek, eta birusa gazteen artean hedatzen ari da, txertatu gabe baitaude". 

Hori horrela, birusari eta horrek dakartzan arriskuei balazta jartzeko gako bakarra dagoela gogorarazi du: prebentzio neurriak betetzea. Horren ordez, sailburuak deitoratu du maskara gutxiago erabiltzen dela eta herritarrek "beldurra galdu" dutela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;