Gizartea -

Biolentzia matxista

Gijongo sexu-erasoak "ehizaldi bat" izan zirela salatu dute

22 eta 23 urteko bi emakume dira biktimak; horietako bat Bergarakoa da. Poliziak lau gizon atxilotu zituen, eta Fiskaltzak horietako bi kartzelatzea eskatu du.

Erasoa gertatu zen tokia, Gijonen (Asturias). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Erasoa gertatu zen tokia, Gijonen (Asturias). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Gijongo talde bortxaketaren biktimek gaur deklaratu dute

2:7

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goreti Abello Gijongo Udaleko Berdintasuneko zuzendariak azaldu du asteburuko taldekako bortxaketako egileek "benetako tranpa bat prestatu, eta ehizaldi bat antolatu" zutela.

Espainiako Poliziak 20 eta 30 urte arteko lau gizon, turistak guztiak, atxilotu zituen larunbatean, Gijoneko ostatu batean 22 eta 23 urteko bi emakumeri, horietako bat Bergarakoa (Gipuzkoa), sexu-erasoak egiteagatik. Atxilotutakoek gaur deklaratuko dute epaitegian.

Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan egindako adierazpenetan, Goreti Abellok esan du erasoaren berri izan zuenean sexu-erasoen kontrako protokoloa aktibatu zutela. Hala, azaldu du bi biktimek laguntza psikologikoa eta juridikoa jaso dutela, eta Udalak "baliabide guztiak" jarri dituela haien esku.

Udaltzaingoaren lehen arreta jaso ostean, biktimek polizia-etxean salatu zuten bortxaketa, 06:30ean. Emakume gazteek adierazi zuten mutil bat ezagutu zutela Fomentoko pub batean, eta hotelera joatekotan geratu zirela. Bidean, haren lagun bat batu zitzaien, eta, gelara iristean, beste bi gizon zeuden. Salatu dutenez, guztiekin sexu-harremanak izatera behartu zituzten.

EITB Median egindako elkarrizketan, Ana Gonzalez Gijoneko alkateak gaitzetsi egin du erasoa, eta salatu du "gizon askok" oraindik ere sinesten dutela "gu bortxatzeko eskubidea" dutela.

Bestalde, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak aldarrikatu du "emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak" direla, eta emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean "adi eta konprometituta, inoiz baino gehiago erne" jarraitzeko deia egin die herritarrei.

Fiskaltzak atxilotuetako bi kartzelatzea eskatu du

Fiskaltzak asteburuan atxilotutako lau gizonetako bi kartzelatzea eskatu dio gaur Gijongo 5. instrukzio epaitegiari. Izan ere, biktimek bi gizon horiek identifikatu dituzte bortxaketaren egiletzat.

Beste bi atxilotuentzat, Ministerio Publikoak behin-behinean aske uztea eskatu du, baina biktimengandik urruntzeko agindua ezarrita. Akusazio partikularrak ere bat egin du eskaera horiekin.

Lau gizonek gaur deklaratu dute epaitegian, eta orain epaileak kartzelatu edo aske utzi erabaki beharko du.

Gaitzespen-kontzentrazioa

Eraso matxistaren berri izan ostean, hainbat erakundek elkarretaratzea deitu dute Bergaran gaurko, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean. Protesta San Martin Agirre plazan izango da, 19:00etan. Ildo horretan, Udalak ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Bergara Albisteak Matxismoa Asturias Sexu erasoak