Gizartea -

Luiziak

Gaztelugatxe eta Bermeo arteko bidea zabaldu dute, lurra egonkortzeko lanak amaitu ostean

Hala ere, babestutako eremura heltzeko aukera bakarra Urizarretatik sartu eta Ermutik ateratzen den noranzko bakarreko bidea izango da.

Urtarrilean luiziak izan ziren Gaztelugatxe inguruan. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Urtarrilean luiziak izan ziren Gaztelugatxe inguruan.
Urtarrilean luiziak izan ziren Gaztelugatxe inguruan. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mendi hegala finkatzeko eta Ermu eta Lurgorri arteko zatiko zorua hobetzeko obrak bukatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak; horrenbestez, Gaztelugatxe eta Bermeo lotzen dituen bidea erabilgarri dago berriro gaurtik aurrera. Hala ere, zehaztu dutenez, babestutako gunera heltzeko Urizarretatik sartu eta Ermutik ateratzen den noranzko bakarreko bidea izango da.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, bisitarien segurtasuna bermatzeko egin dira lanok. Izan ere, geologo talde batek azterketa batzuk egin zituen urtarrilean izandako luiziak zergatik izan ziren aztertzeko, etorkizunean gehiago ez izateko; hala, eremu osoa zatitan banatu dute, ezegonkortasun mailaren arabera.

Etorkizunean arazorik eta arriskurik ez izateko, Bizkaiko Aldundiak sentsoreak jarri ditu lurren mugimenduak erregistratzeko. Gainera, Matxitxakoko estazio meteorologikoan jasotako prezipitazioen datuak aztertuta, horiei aurre egiteko neurriak xehetasunez hartu dituzte.

Horrez gain, bisitarien kopurua kontrolatzeko sarreren sistema erabiltzen jarraituko dute. Hala, covid-19ari aurre egiteko babes neurriei eusteko, eguneko 960 pertsonako muga izango da, eta Urizarretatik sartu eta Ermutik irteten den noranzko bakarreko bidea erabili beharko dute bisitariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bizkaiko albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gaztelugatxeko albisteak Luiziak gaur Urdaibairi buruzko albisteak