Udalak "jarrera eta jokabide horien aurkako gaitzespenik sakonena" adierazi du. Gaztea egoera kritikoan dago Gurutzetako Ospitalean.
Berrehun bat pertsonak elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Lemoako (Bizkaia) udaletxearen aurrean, igande goizaldean herri horretako mutil batek Zornotzan jasandako eraso bortitza salatzeko. Gaztea egoera kritikoan dago Gurutzetako Ospitalean.
Lemoako Udalak deituta, elkarretaratzea isila egin dute, 15 minutuz, gaztearen ezagunak eta lagunak bertan zirela.
Ekitaldiaren amaieran, Lemoako Udaleko ordezkariek agiri bat irakurri dute, eta, bertan, erasoa jasan duen bizilagunaren senideei eta gertukoei elkartasuna adierazi ostean, "jarrera eta jokabide horien aurkako gaitzespenik sakonena" adierazi dute.
Bertan esan dutenez, "horrelako ekintzek ez dute lekurik izan behar ez Lemoan ezta beste inon ere", eta "gorroto diskurtsoek lekurik ez duten Lemoa bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa" berretsi du Udalak.
Hainbat atxilotu erasoarekin lotuta
Ustezko zortzi erasotzaileak, 15 eta 38 urte bitartekoak, Erandion, Bilbon eta Barakaldon atxilotu dituzte, eta Koala Anaiak izeneko gazte talde bortitz eta gatazkatsu bateko kideak dira. Talde horrek aurrekari ugari ditu Bizkaian antzeko erasoak egiteagatik.
Asteburuan Zornotzan gazte bati egindako eraso basatian parte hartzeagatik atxilotutako bost adingabeetatik lau hainbat zentrotan sartu dituzte, eta bosgarrena zaintzapeko askatasunean geratu da, karguekin, EITB Mediak jakin duenez.
Atxilotuetako lau adingabeentzako zentro ezberdinetan sartu dituzte, euren artean harremanik ez izateko. Bestalde, beste hiru atxilotuak, adin nagusikoak hirurak, epailearen esku jartzeko zain daude.