Gizartea -

Koronabirusa

12 eta 15 urte bitarteko nafarren % 53,4k txertoa hartu dute edo txertatzeko hitzordua dute jada

Foru Gobernuak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da txertoa hartzea, bai kutsatzeak prebenitzeko, bai ospitaleratzeak eta heriotzak saihesteko. Aste honetan, 32.173 txerto jarriko dituzte Nafarroan.

Osasun arloko langile bat herritar bati txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun arloko langile bat herritar bati txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun arloko langile bat herritar bati txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12 eta 15 urte bitarteko nafarren % 53,4k covid-19aren aurkako txertoa hartu dute edo txertatzeko hitzordua dute jada. Hain zuzen ere, adin-tarte hori duten 26.297 nafar dira horiek (12 urtetik gora helburu diren biztanleak, berriz, 29.148 nafar).

Hala jakinarazi du Foru Gobernuak, joan den ostegunean adin-tarte horretako herritarrentzako hitzordua hartzeko aukera aktibatu ondoren; izan ere, gaur egun horiek dute intzidentzia-tasa handiena.

Osasunbideak, alegia, Nafarroako Osasun Zerbitzuak, SMS bat igorri zien adin txikiko horien familiei, hitzordua webgunean eskatzeko esteka batekin. Gurasoek edo legezko tutoreek baimena eman beharko diete adingabeei, baldin eta ez haiekin batera ez badoaz esleitutako txertaketa-gunera.

Testuinguru horretan, txertoa hartzeko aurretiko hitzordua eska daiteke jada, webgunean bertan edo ondorengo telefono-zenbakietara deituz, bakoitzari dagokion oinarrizko eremuaren arabera: 948 370 130 Iruñeko eremurako, 948 370 135 Lizarrako eremurako eta 948 370 140 Tuterako eremurako.

Foru Gobernuak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da txertoa hartzea, bai kutsatzeak prebenitzeko, bai ospitaleratzeak eta heriotzak saihesteko. Izan ere, txertoen eraginkortasunari buruzko azterlan teknikoetan oinarritutako datuen arabera, txertaketari esker infekzioen % 78 eta ospitaleratzeen % 91 ekidin daitezke.

Txertaketa prozesuari dagokionez, aste honetan 32.173 txerto jarriko dituzte Nafarroan. Igandean, 2.612 dosi jarri dituzte, eta pandemiaren hasieratik 835.071 txerto jarri dituzte jada Nafarroan.

Orain arte, 416.736 pertsonak jaso dute pauta osoa Nafarroan (% 71,7), atzo horietako 540k bigarren dosia jaso ondoren.

Astelehen honetan, Pfizerrek prestatutako txertoaren 37.440 dosi jaso dira (23.400 dosi izan ohi dira, eta 14.040 dosiko aparteko beste bidalketa bat ere heldu da). Hala, Foru Erkidegoan guztira 888.125 dosi jaso dituzte orain arte (gaur jasotako Pfizerren txertoaren dosiez gain, ostiralean Modernaren 8.100 dosi jaso zituzten).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iruñea Herriak eta Hiriak Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Lizarra Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Umeak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Gazteak Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea