Gizartea -
Koronabirusa
Bi adineko hil dira covid-19arekin Gipuzkoako erresidentzietan
Irungo Ama Xantalen eta Oiartzungo Petra Lekuona egoitzetan bizi ziren bi hildakoak. Bestalde, Gasteizko erresidentzia batean 40 adineko konfinatu dituzte bi langilek positibo eman eta gero.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bi adineko hil dira Gipuzkoako erresidentzietan covid-19ak jota asteburuan, Foru Aldundiak astelehen honetan jakinarazi duenez.
Irungo Ama Xantalen eta Oiartzungo Petra Lekuona egoitzetan bizi ziren bi hildakoak. Pandemiaren bosgarren olatua hasi zenetik, bost heriotza izan dira Gipuzkoako zahar-etxeetan.
Une honetan, 34 adineko daude covid-19arekin kutsatuta Gipuzkoako erresidentziatan, azken orduetan beste bost kasu detektatu ostean.
Irungo Ama Xantalen egoitzan 14 pertsona daude kutsatuta; Oiartzungo Petra Lekuonan, 9; Villabonako Santiagon, 7; Zizurkilgo Fraisoron, 3; eta Donostiako Alai Etxean, bat.
40 adineko konfinatu dituzte Gasteizko erresidentzia batean
Bestalde, Gasteizko San Prudentzio erresidentziako bi langilek positibo eman dute eta haiekin harremana izan duten 40 adineko konfinatu egin dituzte badaezpada.
Udalak gaur jakinarazi duenez, lehendabiziko positiboa larunbatean detektatu zuten eta bigarrena, astelehen honetan.
Gauzak horrela, langile horiekin kontaktuan izan diren egoiliarrak koarentenan jarri dituzte eta PCR probak egingo dizkiete kutsatuta dauden ala ez jakiteko.