Gizartea -

KORONABIRUSA

500 kasutik jaitsi da intzidentzia-tasa metatua EAEn

Hala ere, gaixo kritikoen kopurua igo egin da, ZIUetan 78 pertsona baitaude. EAEn 702 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan.

Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media
Jendea Bilbon
Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19 egunez jaitsi ondoren, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 500 kasutik jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan; hala ere, gaixo kritikoen kopuruak gora egin du berriro asteazken honetan; izan ere, 78 gaixo daude ZIUetan, aurreko egunean baino hiru gehiago.

Intzidentziaren jaitsiera nabarmenena Gipuzkoan izan da, 400 kasutik behera (398 kasu) egin baitu. Araban eta Bizkaian ere behera egin du, baina 500 kasutik gora dago oraindik: 516 Araban eta 513 Bizkaian.

Zure interesekoa izan daiteke baita ere: Gipuzkoa eta Donostia eremu gorritik irten dira 

Osasun Sailak argitaratutako azken buletinaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 702 positibo berri erregistratu dituzte, aurreko egunean baino 46 gutxiago.

34 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, baina gela arruntetan 241 gaixo daude, 15 gutxiago. Hala ere, zainketa intentsiboetako unitateetan 78 pertsona daude, egun bat lehenago baino hiru gehiago.

Asteazkenean, 7.268 test diagnostiko egin dituzte, eta 119 positibo atzeman dituzte Araban, 414 Bizkaian, 153 Gipuzkoan eta 16 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean. Egindako probekin alderatuta, positiboen tasa % 9,7koa da.

Birusaren birsorkuntza-indizea bi ehunen jaitsi da EAEn, 0,89ra. Jaitsiera handiena Araban izan da, 0,95ean kokatu baita, astebetean 1etik gora egon ostean. 0,91tik 0,87ra egin du behera Gipuzkoan, eta 0,87an jarraitzen du Bizkaian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak