Itxi

2021/08/23

19:33

Gizartea

Donostia

Aske utzi dituzte igandean Donostian atxilotutako 10 pertsonak

Agentziak | Eitb Media

Gazteak, horietako bat adingabea, igande goizaldean atxilotu zituzten ertzainen aurka objektuak jaurtitzea egotzita, agenteak jendetza desegiten eta osasun-araudia betearazteko lanean ari zirenean.

  • Igande goizadeko istiluetan apurtutako erakusleihoetako bat. Argazkia: EFE

    Igande goizadeko istiluetan apurtutako erakusleihoetako bat. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Igande goizaldean, Donostian, Ertzaintza jende pilaketak desegiten saiatzen ari zenean sortutako istiluetan atxilotutako hamar gazteak, horietako bat adingabea, aske utzi dituzte arratsaldean epailearen aurrean deklaratu ostean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Istiluak Parte Zaharrean eta Donostiako erdigunean gertatu ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, igande goizaldeko hirurak hogei gutxi aldera hasi ziren, zalapartariek, aurreko egunetan bezala, covid-19aren aurrean osasun-araudia betetzen zela kontrolatzen zuten agenteen aurka objektu sendoak jaurti zituztenean.

Gainera, edukiontziak gurutzatu eta horietako batzuk erre zituzten hiriguneko kale nagusietan, hala nola Hernani kalean, Andiarekin bat egiten duen tokian, eta Hondarribia kalean. Istiluetan, hiru ertzain arin zauritu ziren.

San Martin inguruko saltokietako hainbat erakusleiho ere apurtu zituzten, eta jasandako kalteak salatu dituzte Donostiako San Martin azoka inguruko dendariek. Erakusleihoak hautsita eta lapurretak aurkitu dituzte, eta horiek ahalik eta azkarren konpontzen eta berritzen saiatzen ari dira, ohiko erritmoa berreskuratu ahal izateko edo, kasuren batean, berriro ireki ahal izateko.

Agenteek istiluen aurkako materiala erabili zuten eta hamar lagun atxilotu zituzten. Atxilotuetako bat adingabea da, 17 urtekoa, eta gurasoen esku utzi zuten, epaileak noiz deituko zain. Beste bederatziek 18 eta 22 urte bitartean dituzte, eta epailearen esku utzi dituzte jada.

Azken egunetako istiluak Donostiako Aste Nagusia ospatu behar zen egunetan gertatu dira.

Alderdi politikoek eta dendariek istiluak gaitzetsi dituzte

Bestalde, Gipuzkoako merkatarien federazioak istiluak gaitzetsi ditu eta neurriak hartzeko eskatu die erakundeei, "horrelakorik berriro gerta ez dadin".

Halaber, kaltetutako merkatariei babesa eskaini die kalteei aurre egiteko izapideak betetzen laguntzeko.

Donostiako udaletxeko talde politiko guztiak agertu dira ekintza bandalikoen aurka, baina EH Bilduk ez du sinatu gainerako alderdiek adostutako adierazpen instituzionala.

EAJk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Donostiak "irmotasunez" gaitzetsi dituzte istiluak, justifikaziorik gabekoak eta herritar guztien ongizatearen kontrakoak direla azpimarratuta.

Ildo berean, elkartasuna eta babesa adierazi diete kaltetutako dendetako merkatariei eta langileei, baita udaltzainei eta ertzainei ere.  

EH Bilduk, berriz, adierazpen propioa kaleratu du, azken egunetan Donostian izan diren ekintza bandalikoak arbuiatuz eta kaltetutako pertsonei eta merkatariei elkartasuna adieraziz.

Bestalde, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak zehaztu duenez, azken egunetan, guztira 40 pertsona atxilotu dituzte Donostian, eta beste 60 baino gehiago ikerketapean daude.   

Horrez gain, Erkorekak jakinarazi du atxilotuen % 60k aurrekariak dituztela delituak egiteagatik edo pandemiaren aurkako araudia urratzeagatik.

"Ez dago bestelako aurrekaririk. Ezin dugu esan arrazoi sozial edo politikoekin planifikatutako ekintzak direla. Orain gertatzen ari dena ez dago 'kale borrokarekin' lotuta", argitu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;