Gizartea -
Koronabirusa
Euskadiko egoitzek hiru hildako izan dituzte covid-19arekin, bi Araban eta bat Bizkaian
Hala ere, Araban aktibo dauden kasuek 26ra egin dute behera, aurreko astean 47 positibo izan ondoren. Bizkaian, aldiz, 28 kutsatu gehiago antzeman dira, Zornotzan izandako agerraldiaren ondoren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskadiko adingabeen egoitzetan hiru erabiltzaile hil dira covid-19arekin kusatuta, bi Araban eta bakarra Bizkaian. Arabaren kasuan, hamaika positibo berri antzeman dituzte egoitzetan. Hala ere, kasu aktiboek 26ra egin dute behera, aurreko astean 47 positibo izan ondoren. Bizkaian, aldiz, 28 kutsatu gehiago antzeman dira, Zornotzan izandako agerraldi bat dela eta.
Araba
Arabako adinekoen egoitzetan bi erabiltzaile hil dira covid-19arekin kutsatuta. Arabako Foru Aldundiak eman dituen datuen arabera, hildako horietako bat Burguko egoitzako erabiltzailea da; bestea, aldiz, Jesus Guridi egoitzako 105 urteko erabiltzaile bat da.
Azken astean, 11 positibo berri atzeman dituzte: 8, Txagorritxuko Lorea egoitzan, Gasteizen; beste bi, Burguko egoitzan, eta azkena, Bernedon.
Hala ere, kasu aktiboek 26ra egin dute behera, aurreko astean 47 positibo izan ondoren.
Bizkaia
Bizkaiko adinekoen egoitzetan erabiltzaile bat hil da azken orduetan eta, gainera, 69 positibo berri antzeman dira. Horrenbestez, ostegunean baino 28 positibo gehiago dira orain.
Horrekin batera, Zornotzako Orue egoitzan 25 positiboko agerraldia antzeman dute: 21 erabiltzaile eta lau langile.
Bizkaian, kutsatuak 8 egoitza ezberdinetan dira: 12 Orueko egoitzan, 21 Loiu Gurenan, 7 Bilboko Santa y Real Casa de la Misericordian, 5 Galdakaoko Virgen de la Vegan, 4 Galdakaoko Santa Barbaran, 2 Mundakako Gure Etxean, 1 Dimako Piedadeondon eta 1 Galdakaoko Miranda Fundazioan.
Gipuzkoa
Gipuzkoako erresidentzietan,azken orduetan 13 erabiltzaile osatu dira, eta 30era jaitsi da kasu positiboen kopurua.
Gainera, ez da kutsatze berririk izan, ezta heriotzarik ere. Orotara, 9 pertsona hil dira lurraldeko egoitzetan pandemiaren bosgarren olatuan.