Gizartea -

Koronabirusa

Aburtok herritarrak zoriondu ditu "osasun neurriak errespetatzeagatik eta gizalegearen aurka ez egiteagatik"

"Bilboko herritarren jokabide orokorrarekin harro" dagoela azpimarratu du Bilboko alkateak. Testuinguru horretan, eskerrak eman, eta herritarrak zoriondu ditu Bizkaiko hiriburuan ez delako ospakizunik egin.

Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia
Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia
Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea. EITB Mediaren bideo batetik hartutako argazkia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak herritarrak zoriondu ditu egun hauetan orokorrean izandako jarreragatik; izan ere, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz bertan behera geratu da 2021eko Aste Nagusia, eta Bizkaiko hiriburuan ez da jairik egin.

Twitterren zabaldutako mezu batean, Aburtok azpimarratu du "harro" dagoela "Bilboko herritarren jokabide orokorrarekin". Testuinguru horretan, eskerrak eman eta herritarrak zoriondu ditu "osasun neurriak errespetatzeagatik eta, gizalegearen aurka ez egiteaz gain, jarrera insolidariorik ez izateagatik".

Halaber, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako lana nabarmendu du alkateak, eraginkorrak izan diren segurtasun neurriak ezarri dituztela iritzita.

"Birusa garaitzeko, normaltasuna berreskuratzeko eta Bilbo suspertzeko bidea da", gaineratu du. Alkatearen esanetan, "Bilbo hiri eredugarria da".

Bi pertsona identifikatu dituzte Bilbon

Goizaldean, bi pertsona identifikatu dituzte covid-19aren aurkako araudia betetzen zela zaintzen ari zen Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren operatiboari bi botila botatzea egotzita.

Udaletik jakitera eman dutenez, "oso bakanak" izan dira arazoak. Kaleak hustean izan da gertaera hori, baina "ez du ondoriorik izan".

Hala, aurreko gauetan baino jende gehiago ibili arren, gaua "normaltasunez" joan dela eta jendeak "modu arduratsuan" jokatu duela nabarmendu dute Udaletik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko Aste Nagusia Bilbo Ertzaintza Herriak eta Hiriak Bizkaia Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gaixotasunak Salaketak Gizartea Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Osasun albisteak Aisia Umeak Uda Koronabirusa Gazteak