Gizartea -
Bilboko Irria
Bilboko Konpartsak, pozik bere kultur jardunaldietako ekitaldiekin, "Udalaren debekuak" gorabehera
Konpartsek ziurtatu dute "agerian gelditu dela eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi, euskaldun eta internazionalistan oinarritutako kultura egin daitekeela covid-19aren aurkako osasun neurriak, edukiera eta protokoloak errespetatuz".
EITB Media
Bilboko Konpartsek Bilboko Irria kultur jardunaldien balantze "positiboa" egin dute, nahiz eta "Udalak hainbat ekimen debekatu dituen".
Agiri batean, konpartsek ziurtatu dutenez, "agerian gelditu da eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi, euskaldun eta internazionalistan oinarritutako kultura egin daitekeela, covid-19aren aurkako osasun neurriak, edukiera eta protokoloak errespetatuz".
Ekimen horiek auzokideen "harrera ona" izan dutela nabarmendu ostean esan dutenez, "eguraldi onak erraztu du jarduera guztiak kalean egin ahal izatea, eta, beraz, osasun-neurriak aplikatzea ere ahalbidetu du.
Era berean, horien iritzian, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak "debekatutako" ekintzak egin zitezkeen, baita baimendu gabeko guneetan egin ere. "Areatzan, Erripan edo kaian jarduerak lasai egin zitezkeen, beste leku batzuetan izan ditugun protokolo berberekin", gaineratu dute.
Bestalde, eskerrak eman dizkiete Bilboko Irrian parte hartu duten kulturaren munduko kide guztiei, baita debekuengatik parte hartzerik izan ez dutenei ere. Modu berean, emandako laguntza eskertu diete SOS Ostalaritzari, Bira Zapatistari, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduari, udal-teknikariei eta hainbat eragileri eta pertsonari.
Azkenik, konpartsak Juan Mari Aburto alkateari zuzendu zaizkio, "haserre bizi beharrean elkarlan zintzoa proposatzeko".