Gizartea -

Indarkeria matxista

Plentziak "haserrea eta amorrua" adierazi ditu adin txikiko neska batek jasandako bortxaketaren aurrean

Adierazpen bateratu batean, Plentziako Udalak eta talde feministek azpimarratu dute "erasotzaileak toki guztietan soberan" daudela eta "indarkeria matxistarik gabeko herria" aldarrikatu dute.

Elkarretaratze jendetsua Plentzian. EITB Mediako bideo batetik ateratako argazkia.
Elkarretaratze jendetsua Plentzian.
Bigarren egunez elkarretaratze jendetsua egin dute Plentzian erasoaren gaitzespen bateratua egiteko

2:7

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun batu dira astelehen arratsaldean Plentziako Ontziola plazan, adin txikiko neska bati asteburuan egindako sexu-erasoa salatzeko. Bilkura Udalak eta Araldi eta Sorginen Alabak talde feministek deitu dute. 20:00etan egin dute, eta, igandekoa bezala, gaurkoa ere jendetsua izan da.

Adierazpen bateratu batean, Udalak eta talde feministek "haserrea eta amorrua" adierazi dute 17 urteko neska batek jasandako bortxaketaren aurrean. Halaber, "erasotzaileak toki guztietan soberan" daudela azpimarratu dute, "indarkeria matxistarik gabeko herri librea" aldarrikatuta.

"Pandemia bat sufritzen ari da mundua. Baina koronabirusarena ez da pandemia bakarra. Indarkeria matxistari gizarte moduan egin behar diogu aurre, egunero eragiten dituelako biktimak, iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera. Eta pandemia honen kontra ez dago txertorik. Gizarte bezala erantzun irmoa emanda soilik amaitu daiteke matxismoaren, heteropatriarkatuaren eta ezberdintasunen birusarekin", azaldu dute.

Horrela, bada, neska eta emakume guzientzat espazio seguru eta libreak sortzea "denon ardura" dela nabarmendu dute.  

Udaleko talde politikoek eta elkarte feministek Plentzian izandako sexu-erasoa irmotasunez salatu dute, eta biktimari elkartasuna adierazteaz gain, eskura dituzten bitarteko guztiak eskaini dizkiote egoera honi aurre egin ahal izateko.

Horrez gain, eraso matxistarik gabeko herri bat eraikitzeko politika feministak ezartzea ezinbestekotzat jo dute, eta herritarrak "sentsibilizatzeko, informatzeko eta berdintasunean hezteko" lanean jarraituko dutela agindu.

"Horrelako erasoek erakusten dute antolatutako borroka feminista, norbanako guztien borondatea eta erakundeen konpromisoa beharrezkoak direla", erantsi dute.

Amaitzeko, eraso matxistarik gabeko Plentzia aldarrikatu dute: "Zenbat aldiz egin beharko dugu oihu? Zenbat aldiz defendatu behar dugu bistakoa dena?".  

Bestalde, Getxoko Bozeramaileen Batzordeak bi elkarretaratze deitu ditu astearte honetan Plentziako erasoa salatzeko, biktima udalerri horretako bizilaguna delako.

Lehendabiziko elkarretaratzea 12:00etan egingo dute Getxoko udaletxearen parean, eta bigarrena, 19:30ean, Telletxe kaleko gune morean.

Protestetan parte hartzeko eta emakumeen aurkako jarrera eta eraso matxistarik ez onartzeko eskatu die Udalak getxoztarrei.  

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak "gaitzespen irmoa" adierazi du, eta Bizkaian indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen arretarako zerbitzuak eta programak haien esku utzi ditu.

Gainera, Foru Gobernuak bat egin du eraso horren aurkako gaitzespen ekitaldiekin, "herritar guztiek horrelako erasoak arbuiatzea funtsezkoa delako ekintza horiek egiten dituztenen isolamendu soziala indartzeko".

"Beharrezkoa da irmotasunez gogoratzea emakumeek espazio publikoaz gozatzeko eskubidea dutela, gizonezkoek bezala, baina uneak, egoerak edo giroak ezin dute justifikatu haien osotasun fisiko eta sexualerako eskubidea zalantzan jartzea", aldarrikatu du Aldundiak.

Bitartean, Ertzaintzak erasoa ikertzen jarraitzen du, baina oraingoz ez dute inor atxilotu.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Herriak eta Hiriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Plentzia Albisteak Matxismoa Sexu erasoak gaur