Gizartea -
koronabirusa
25 pertsona gehiago hil dira azken astean Euskadin covid-19aren ondorioz
432 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan EAEn. Intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du eta ospitaleen okupazioa arindu egin da.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Guztira 25 pertsona hil dira koronabirusagatik joan den astean, aurreko asteko kopuru bera, eta intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du. Gainera, ZIUetako okupazioa arindu egin da.
Astearte honetan 7.041 test diagnostiko egin dituzte Euskadin (471 gehiago), eta horietatik 432 positibo berriak izan dira, astelehenean baino 83 gehiago; beraz, positibotasuna % 5,3tik % 6,1era igo da.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban 65 kasu erregistratu dituzte (+30), Bizkaian 226 (+20) eta Gipuzkoan 135 (+30). Gainera, EAEtik kanpo bizi diren sei lagunek eman dute positibo.
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 48 pertsona (17 gehiago) ospitaleratu zituzten covid-19agatik, eta 71 pertsona daude ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateetan, astelehenean baino bat gutxiago. Gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen kopuruak gora egin du berriro, 198tik 212ra; beraz, guztira 283 paziente daude EAEko osasun-zentroetan.
Asteazken honetan, abuztuaren 23tik 29ra bitartean pilatutako datuak aztertu ostean, 25 heriotza izan direla ondorioztatu dute.
Hala ere, gainerako adierazleek beheranzko bilakaera izan dute. Esanguratsuenetako batek, 100.000 biztanleko 14 egunean jasotako intzidentzia-tasa metatuak, uztailaren 31n hasitako beheranzko bideari eutsi dio, 312,81era jaitsi baita; hau da, bezperan baino 14,7 kasu gutxiago.
Atzerakada hori hiru lurraldeetara zabaldu da: 310 zenbatu dituzte Araban, eta 317, Bizkaian (biak daude eremu laranjan), birusaren transmisio "handia" dagoela adierazten duten 300 kasuen mailatik gora. Gipuzkoan, berriz, 285 kasu atzeman dituzte.
R0 adierazlea, gaixo bakar batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, astelehenean 85 izatetik asteartean 0,82 izatera igaro da. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, jaitsierarik nabarmenena Gipuzkoan izan da: 0,91tik 0,83ra. Arabak eta Bizkaiak ehunen bat egin dute behera, eta 0,76 eta 0,84an geratu dira, hurrenez hurren.
Astearteko datuen arabera, 5.000 biztanletik gorako 14 udalerrik (Bizkaiko 9 eta Gipuzkoako 5) 100.000 biztanleko 400 kasutik gorako intzidentzia metatua dute.
Adin-taldeen arabera, positibo berri gehien 20 eta 29 urte bitartekoen (76 kasu) eta 10 eta 19 urte bitartekoen (70) artean atzeman dituzte. Kolektibo horietan, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 656,44 eta 579,05 da, hurrenez hurren.
30-39 urtekoek 53 kutsatze dituzte, 50-59 urtekoek bezalaxe, eta 40-49 urtekoek 48. Bederatzi urtetik beherakoen artean 39 kasu berri atzeman dituzte.
Zaharrenen artean, 60 eta 69 urte bitartekoen artean 33 positibo daude; 70 eta 79 urte bitartekoen artean, 33; 80 eta 89 urte bitartekoen artean, 13; eta 90 urtetik gorakoen artean, 12.
Bestalde, Gipuzkoako erresidentziatan ez dute positibo berririk antzeman azken orduetan eta, beraz, bost dira kutsatuta dauden adinekoak, denak Legazpiko Santa Cruz egoitzako egoiliarrak.
2020ko abuztutik, 770 adineko sendatu dira eta 166 hil dira covid-19ak jota.
Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek ez dute euren egoitzetako osasun egoerari buruzko daturik eman asteazken honetan.