Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Elgoibar eta Oiartzun eremu gorritik atera dira eta Lezo, sartu, egun bat laranjan egin ostean
Datuak hobetu dituzte Galdakaon, Muskizen, Andoainen eta Eibarren, eta laranjatik horira igaro dira; Zornotzan, berriz, okerrera egin dute eta laranja jarri da berriro.
O.P. | EITB Media
Datuak hobetuta, eremu gorritik atera dira Elgoibar eta Oiartzun eta laranja jarri; Lezok, aldiz ezin izan dio laranjan eutsi eta egun bakarra bertan eginda, gorrira pasa da berriz azken orduetan covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera.
Atzo 432 kasu berri atzeman zituzten EAEn, bezperan baino 83 gehiago. Igoera hori ospitaleko okupazioan ere islatzen da, 212 pertsona ospitaleratuta baitaude (aurreko egunean baino 16 gehiago). 71 pertsona daude ZIUn.
Arabak (309 kasu 100.000 biztanleko), Gasteizek eta Amurriok laranjari eutsi diote eta, bera, Agurainek eta Laudiok, berriz, horiari. Ez dago, hortaz, udalerririk ez eremu gorrian ezta berdean ere.
Bizkaiak laranjan jarraitzen du (317 kasu 100.000 biztanleko) eta bederatzi udalerrik jarraitzen dute eremu gorrian: Berango, Bermeo, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Leioa, Lekeitio, Sopela eta Zalla.
Laranjan daude Balmaseda, Gueñes, Mungia, Ondarroa, Santurtzi eta Sestao, eta gaurtik baita Zornotza ere, egoerak okerrera egin eta eremu horia utzi ostean.
Horian, bestalde, Abadiño, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Bilbo, Derio, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Markina-Xemein, Ortuella, Portugalete eta Trapaga; gaurtik baita Galdakao eta Muskiz ere, eremu laranja utzi baitute datuak hobetuta.
Ez dago herri bakar bat ere berdean.
Gipuzkoa (285 kasu 100.000 biztanleko) eremu horian dago. Elgoibar eta Oiartzun irtenda eta Lezo itzulita, bost dira gorriz dauden udalerriak lurralde honetan: Deba, Lazkao, Lezo, Mutriku eta Usurbil.
Laranja kolorez, berriz, Aretxabaleta, Bergara, Hernani, Irun, Lasarte-Oria eta Legazpi. Gaurtik baita Elgoibar eta Oiartzun ere.
Horian dauden herriak Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Donostia, Errenteria, Hondarribia, Oñati, Ordizia, Orio, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga dira. Gaurtik baita Andoain eta Eibar ere, euren datuak hobetzea lortuta, laranjatik horira pasa baitira.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.