Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, bikotekide ohiari eraso egin ostean urruntzeko agindua ez betetzeagatik
35 urteko erasotzaileak bikotekide ohiari jazarri dio, taberna bateraino, eta bertan atxilotu dute udaltzainek.
Agentziak | EITB Media
Barakaldoko Udaltzaingoak 35 urteko gizon bat atxilotu du, bikotekide ohiari eraso egin ostean jarritako urruntzeko agindua urratzeagatik.
Barakaldok Udalak jakitera eman duenez, ordu gutxi lehenago, epaileak tratu txarrak, mehatxuak eta irainak egitea egotzi zion erasotzaileari, eta biktimarenganako urruntzeko agindua ezarri.
Hala eta guztiz ere, larunbat honetako 19:20 aldera, gizonak biktimari jazarri zion taberna bateraino, emakumea irainduz eta mehatxatuz.
Bertan zeuden lekukoen laguntzari esker, udaltzainak tabernan agertu eta bertan atxilotu zuten erasotzailea.
Erasoa salatzeko elkarretaratzea, astelehenean
Argitanek, Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeak, erasoa gaitzetsi du sare sozialetan, herrian halakorik onartuko ez dutela azpimarratuz.
Bide batez, elkarretaratzea deitu dute astelehenerako (irailak 6), 18:30ean, Herriko Plazan.