Gizartea -

KORONABIRUSA

24 pertsona hil dira covid-19ak jota azken astean EAEn

ZIUetan 60 gaixo larri daude, bezperan baino bi gutxiago, eta ospitaleratze gehiago izan badira ere, gela arruntetan dauden pertsonen kopurua apur bat jaitsi da. Pilatutako tasa 223 kasutan dago 100.000 biztanleko.

Erizain bat gazte bat txertatzen. Argazkia: EFE
Erizain bat gazte bat txertatzen.
Erizain bat gazte bat txertatzen. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren eraginez 24 pertsona hil dira azken astean (abuztuaren 30etik irailaren 5erakoa) Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko astean baino bat gutxiago, Eusko Jaurlaritzak astero kaleratzen duen txostenaren arabera. 

Abuztuaren 9tik 15erako astean goia jo zuten heriotzek (35 pertsona hil ziren), eta hurrengo bi asteetan 25na hil dira; azkenengoan, 24. Irailaren lehen aste honetan zendutako guztiek 50 urte baino gehiago zituzten.

Eguneko txostenak datu itxaropentsuagoak utzi ditu, bi adierazle nagusiek (azken 14 egunetako intzidentzia metatua eta ospitaleetako egoera) hobera egin baitute. Pilatutako tasak 16 puntu egin du behera, 14 egunean 100.000 biztanleko 223 kasutan kokatu baita. Erietxeetara heldu diren kasuen kopuruak gora egin du asteartean (48), bezperan izan ziren datuekin alderatuta (38), baina gela arruntetan daudenen kopurua (194) txikiagoa da. Eri larriei dagokienez, aurreko egunean baino bi gutxiago daude ZIUetan (60).

Bi adierazle horien bilakaera gertutik jarraitzen ari da Jaurlaritza, eta helburua ere ezarri du datozen asteetarako, Jonan Fernandez LABI batzorde teknikoko koordinatzaileak gaur jakinarazi duenez. Metatutako eragina 150 kasutik behera eta ZIUetako egoera "1. agertokian aurreikusitako daturik txikienetan" egotea nahiko lukete.

Jaurlaritzak intzidentzia tasa 150 kasutara jaistea lortu nahi du datozen asteetan
Jaurlaritzak intzidentzia tasa 150 kasutara jaistea lortu nahi du datozen asteetan
Jaurlaritzak intzidentzia tasa 150 kasutara jaistea lortu nahi du datozen asteetan

0:50

Astearte honetan 6.498 proba diagnostiko egin dituzte, eta 273 izan dira positibo (positibotasun tasa koska bat igo da, % 4,2raino). Kasuek lurralde guztietan egin dute gora, igoera Gipuzkoan nabarmenagoa izan bada ere (99 positibo, bezperan baino 16 gehiago). Araban 40 atzeman dituzte (11 gehiago) eta Bizkaian 130 (bost gehiago). Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren lau herritarrek eman dute positibo.

Koronabirusaren eragin txikiena duen lurraldea izaten jarraitzen du Arabak, 100.000 biztanleko 194 kasurekin. Are gehiago, 200eko langatik behera kokatu den bakarra da. Bizkaiak EAEko tasa bera du (223) eta Gipuzkoak apur bat txikiagoa (221).

R0 indizeak (positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua) ere datu ona eman du, 0,83tik 0,80ra jaitsi baita, eta epidemiologoek aholkatzen duten 1etik behera dago.

Gazteria da izurriak gogorren kolpatuko taldea. 20-29 urteko pertsonen artean pilatutako tasa 375 kasukoa dago, eta hortik pitin bat beherago (372) dago 10 eta 19 urte bitartekoena.

5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriei dagokienez, zazpitan dute egoera kezkagarria, gune gorritik ezin irtenda baitaude (Balmaseda, Bermeo, Gernika-Lumo, Lekeitio, Zalla, Elgoibar eta Lazkao), koronabirusaren semaforoaren arabera. Lekeitiok, esaterako, 100.000 biztanleko 802 kasu pilatu ditu azken 14 egunetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak