Gizartea -
Indarkeria matxista
Bikotekideari bortizki erasotzeagatik Gasteizen atxilotutako gizona kartzelan sartu dute
Zehazki, sexu-erasoa, lesioak, mehatxuak eta hertsapenak egotzi dizkiote.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bikotekideari aurpegian kolpe bortitzak emateagatik Ertzaintzak Gasteizen atxilotutako 37 urteko gizona espetxean sartu dute, genero-indarkeriako delitu bat egotzita.
Ertzaintzak Arabako hiriburuko Genero Indarkeriaren Epaitegiaren esku utzi zuen atxilotua asteazkenean, eta epaileak kartzelara bidali du, deklarazioa hartu ostean.
Gertakariak irailaren 12an izan ziren, igandean, Gasteizko etxebizitza batean. Erasotzaileak hainbat kolpe eman zizkion bikotekideari aurpegian, bortizki, eta labana batekin mehatxatu zuen.
Erasoa gertatu eta ordu batzuetara, irailaren 13an, astelehenean, emakumeak zauriak sendatzera joan zen osasun-zentrora, eta egun horretan bertan atxilotu zuten ustezko erasotzailea, sexu-erasoa, lesioak, mehatxuak eta hertsapenak leporatuta.