Gizartea -
Koronabirusa
Positibo berriak 69ra jaitsi dira Euskadin, 2020ko uztailetik atzeman duten kopururik txikiena
Intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du, batez ere Araban, 100.000 biztanleko 100 kasutik behera egin baitu. Hala ere, ospitaleko presioak gora egin du berriro.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Covid-19aren positibo berriak 69ra jaitsi dira azken orduetan, 2020ko uztailetik atzematen duten kopururik txikiena, uztailaren 16an 68 kasu erregistratu baitziren.
Gainera, azken 24 orduetan, positibotasuna % 1,7raino jaitsi da, iazko uztailetik lehen aldiz, eta pandemiaren bosgarren olatua amaitzen ari dela baieztatu du.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, igandean 4.112 proba diagnostiko egin dituzte, larunbatean baino gutxiago (4.619), eta 69 positibo berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 35 gutxiago. Horrela, positiboen tasa % 2,9tik % 1,7ra jaitsi da.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 8 kasu atzeman dituzte Araban, 26 Gipuzkoan eta 33 Bizkaian. Horiez gain, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren bi pertsona ere kutsatu dira.
Adin-taldeen arabera, 10-19 urteko tartean atzeman dituzte kutsatu gehien, 10 lagun.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 51 egunez jarraian jaitsi da Euskadin, eta 121,56 kasukoa da, bezperan 127,97koa izan ondoren.
Intzidentzia-tasa metatua 100 kasutik jaitsi da Araban (lurralde honetan dute egoerarik onena), 99,63 kasukoa baita; Bizkaian, 122,45ekoa da; eta Gipuzkoan, 123,81koa.
Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) 0,71koa da (aurreko eguneko berbera), eta oinarrizko birsorkuntza tasa (kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen du) 0,85etik 0,84ra jaitsi da. Datu hori altuagoa da Bizkaian (0,87), eta Gipuzkoan eta Araban, berriz, txikiagoa, 0,81 eta 0,82an baitago, hurrenez hurren.
Hala ere, zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) 52 gaixo daude, aurreko egunean baino zazpi gehiago dira. Gela arruntetan ospitaleratutakoen kopurua ere igo egin da, 122tik 124ra. Gainera, 15 ospitaleratze berri izan dira, aurreko egunean baino 3 gehiago.
5.000 biztanletik gorako zazpi udalerri daude transmisioko gune berdean, hau da, 60 kasu baino gutxiagoko intzidentzia metatua dute. Araban, Laudio dago gune horretan; Bizkaian, Elorrio, Galdakao eta Ortuella; eta Gipuzkoan, Deba, Legazpi eta Lezo.
EAEk covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia emateko prozesua hasi du astelehen honetan adineko pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetako erabiltzaileen artean.