Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroan dagoeneko hasi dira hirugarren txertoa ematen adinekoen egoitzetan

Inokulazioa Lesakako eta Berako Andra Mari eta San Jose egoitzetan abiatu dute. EAEk atzo ekin zion egoitzetako egoiliarrak dosi gehigarriarekin babesteari, eta Ipar Euskal Herrian, joan den astean.

Gizon bat txertoaren dosi bat jasotzen Nafarroan. Artxiboko argazkia: EFE
Gizon bat txertoaren dosi bat jasotzen Nafarroan.
Gizon bat txertoaren dosi bat jasotzen Nafarroan. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Osasun Departamentuak astearte honetan ekin dio koronabirusaren kontrako hirugarren dosia adinekoen egoitzetako egoiliarrei emateari, erabiltzaileok duten "zaurgarritasun eta patologia aniztasuna" kontuan hartuta. Foru Erkidegoak EAEren lekukoa hartu du, horrenbestez. Atzo hasi ziren kanpainarekin EAEn, joan den ostegunean Osasun Publikoaren Batzordearen oniritzia jaso ostean. Ipar Euskal Herrian irailaren 13an abiatu zuten hirugarren txertoaren inokulazioa.

Zehazki, Lesakako Andra Mari egoitzan eta Berako San Jose egoitzan jarriko dituzte lehen txertoak, Departamentuak ohar batean jakinarazi duenez.

Arlo logistikoari dagokionez, kanpaina hori abiatzearekin batera txertaketa gune handiak itxiko dituzte. Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Maristen ikastetxea izandakoan paratutakoak zarratu dituzte jada, eta gaur bertan Tuterako Jesuiten ikastetxeko polikiroldegikoa itxiko dute.

Egoitzetako egoiliarrez gain, imunoeskasia duten pertsonak ere (2000 bat gaixo dira) babesten ari dira.

Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, 508 501 nafarrek jaso dute pauta osoa, 12 urtetik gorakoen % 87,5 (populazio osoaren % 76,9).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Txertoak Koronabirusa Osasunbidea Adinekoak