Itxi

2021/09/24

20:16

Gizartea

Klima aldaketa

Ikasleek larrialdi klimatikoari buruz ohartarazi dute Bilbon eta Donostian

Agentziak | EITB Media

Fridays For Future mugimenduak, ikasleen sindikatuen babesarekin, Klimaren Aldeko Ekintza Globalaren Eguna antolatu du ostiral honetan. Goizean elkarretaratzeak egin dituzte, eta, arratsaldean, kale nagusiak zeharkatu dituzten manifestazioak.

0:54
Manifestazioa Bilbon. Irudia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Klima aldaketari aurre egiteko 'Fridays for Future' mugimenduak deituta, ehunka pertsona Bilboko eta Donostiako kaleak zeharkatu dituzte ostiral honetan, "larrialdi klimatikoaren aurrean" ardura politikoa eskatzeko. Klimaren Aldeko Ekintza Globalaren Egun honetan, beste hiri batzuetan ere egin dituzte protestak: Oviedon, Bartzelonan, Valentzian, Malagan, Granadan, Sevillan eta Madrilen, besteak beste.

Bilbon, 200 bat pertsona, gehienak gazteak, elkartu dira hiriko hainbat kale zeharkatu dituen manifestazioan. Moyua plazatik abiatu dira, "Planetarik gabe ez dago etorkizunik" oihukatuz.

"Ez dago denborarik, ezta B planetarik ere" lelopean, aurreikusitako ibilbideari ekin diote protestarekin bat egin duten ikasleek. Horrez gain, "Itzali ikatza, Piztu Bizia" bezalako beste mezu batzuk ikusi dira. Greenpeaceko hainbat kidek ere manifestazioan parte hartu dute.

Beste gazte batzuk, kartoietan idatzitako mezuekin manifestatu dira, gaur goizean Arriaga plazan egin den elkarretaratzean gertatu den bezala.

Donostian, elkarretaratzea 11:00etan izan da, udaletxean, eta manifestazioa 18:00etan abiatu da.

Gipuzkoako erakunde ekologistak, gizarte erakundeak eta sindikatuak biltzen dituen Larreko Mahaiaren iritziz, "agintariek krisi klimatikoa eta, oro har, ekologikoa areagotzen duen eredu ekonomiko eta sozial jasanezin batean sakontzen jarraitzen dute".

Testuinguru horretan, "gaur egungo larrialdi egoerak hemen energiaren, garraioaren, hondakinen, lurralde antolamenduaren eta biodibertsitatearen arloan, besteak beste, egiten diren politikekin zerikusia duela ikustea ezinbestekoa" dela gaineratu du.

Antolatzaileek, "agerikoa den norabide aldaketa" eskatu diete agintariei, "trantsizio justu baten alde". Haien iritziz, ordea, hori ez da lortuko "euskal gizarte aktiborik gabe".

Fridays For Future mugimenduak, ikasleen sindikatuen babesarekin, Klimaren Aldeko Ekintza Globalaren Eguna antolatu du ostiral honetan, eta klima aldaketaren aurkako neurriak eskatu ditu. Elkarretaratzeak, martxak eta manifestazioak egin dituzte 12 autonomia-erkidegotako 24 udalerritan.

Nazioarteko mugimendua 2018ko abuztuan sortu zen, Greta Thunberg ekintzaile suediarraren protesten ondoren, eta horren eragina 2019an iritsi zen Espainiara.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;