Gizartea -

Koronabirusa

Covid-19aren aurkako murrizketak bertan behera geratu dira Nafarroan

Hala ere, Lurralde Arteko Batzordeak hezkuntza eta kirol arloan zehaztutakoek eta maskararen erabileraren ingurukoak indarrean jarraitzen dute.

Iruñeko diskoteka bat. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Iruñeko diskoteka bat. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Covid-19aren aurkako murrizketarik gabeko lehen gaua Nafarroan

0:56

E.L. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bertan behera geratu dira Nafarroan koronabirusari aurre egiteko jarritako murrizketak (eduki eta ordutegiei dagozkienak, nagusiki), Foru Erkidegoan egoera epidemiologikoak nabarmen hobera egin duen honetan, Osasun Institutu Publikoak izurriaren zirkulazio epea bukatutzat eman ostean.

Maria Chivite Nafarroako presidenteak ez du uste koronabirusari aurre egiteko murrizketak kentzeko "goizegi" denik.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, "beste une batean gaude" baina kontuz ibiltzeko eskatu die nafarrei: "Murrizketak kendu ditugu, baina zuhurtzia eta erantzukizuna ezin ditugu kendu". Hori horrela, Gobernuak "erne" jarraituko duela nabarmendu du, baina gaur gaurkoz "birusaren zirkulazioa oso txikia da". Chiviteren esanetan, hori txertaketari esker lortu dute, eta nafarren ia % 80 babestuta dagoela azpimarratu du.

"Amaitu dira murrizketak Nafarroan", nabarmendu zuen Chivitek asteartean, "kontuz" ibiltzeko deia egin bazuen ere. Halaber, jakinarazi zuen aurrerantzean gomendio gisa jarraituko dutela distantzia sozialari eusteak, eskuak garbitzeak edota espazio itxiak aireztatzeak.

Salbuespenak

"Murrizketa guztiak bertan behera geratuko dira, Lurralde Arteko Batzordean hezkuntza eta kirol alorrean hartzen diren erabakiak salbu". Lehenengoen harira, argitu zuen Lehen Hezkuntzako ikasgeletan positiboren bat badago jada ez dela beharrezkoa izango gela guztia bakartzea, baina talde burbuilari PCR proba egiten jarraituko zaiola zehaztu du.

Horrez gain, maskara eramateak derrigorrezkoa izaten jarraituko du leku itxietan eta aire zabalean, baldin eta 1,5 metroko distantzia gorde ezin denean. Era berean, positibo ematen duten pertsonak koarentena bete beharko dute.

Chiviteren esanetan, Nafarroan "pandemiaren zikloan aldaketa garrantzitsu bat" izango da, baina ohartarazi zuenez, "birusarekin bizitzen jarraitu beharko dugu, beste birusekin, adibidez gripearen birusarekin bizi garen bezala". Dena dela, esan zuen koronabirusari aurre egiteko "erreminta hobeak eta ezagutza handiagoa" dituztela orain. "Hobeto prestatuta gaude, eta izurriaren eragina minimizatzeko gai gara, ari gara, egia esan", aitortu zuen.

Espainiako Estatuan pandemia garaiko murrizketak kentzen dituen lehen erkidegoa da Nafarroa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak María Chivite Koronabirusa Osasunbidea Osasun-larrialdi egoera amaitu da