Gizartea -

KORONABIRUSA

Asteko positiboak 653ra igo dira Euskadin, eta R0 indizea 1,07an dago

Hala ere, intzidentzia-tasa metatua 56,60 kasuraino jaitsi da, eta ZIUetako gaixoak 29ra murriztu dira.

Donostiako Alde Zaharreko kale baten bista. Argazki: EFE.
Donostiako Alde Zaharreko kale baten bista
Donostiako Alde Zaharreko kale baten bista. Argazki: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19an positibo eman duten kasuen kopuruak gora egin du azken astean Euskadin, 653 kasuraino, irailaren 27tik urriaren 3ra bitarteko astean baino 61 gehiago hain zuzen. Hala ere, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak azken egunetako erritmoaren antzera jaisten jarraitzen du, eta 56,60koa da.

Bestalde, 6 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz azken lau egunetan, urriaren 4tik 8ra bitartean. Kopuru hori ezin da alderatu Osakidetzak aurreko aste osoan emandakoarekin, hau da, irailaren 27tik urriaren 3ra bitartean emandakoarekin, orduan 14 heriotza jakinarazi baitziren.

Bestalde, covid-19aren transmisioak gora egiten jarraitzen du EAEn; izan ere, oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), koronabirusa duen pertsona batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 1,07ra iritsi da.

Indize hori uztailaren 27tik 1etik behera zegoen Euskadin, eta horrek pandemiaren nolabaiteko kontrola adierazten zuen, baina joan den ostiraletik gaixo batek pertsona bat baino gehiago kutsatzen du (1,14).

Gipuzkoak (0,97) bakarrik du 1etik behera R0 indizea, sei egunez langa horretatik gora egon ostean. Arabak 1,01eko marka du, eta Bizkaiak 1,19koa, azken egunean behera egin duen arren.

Hala ere, pandemiaren egoera ezagutzeko beste adierazle bat, ospitaleetako presioa, hobetu egin da azken astean. Hala, zainketa intentsiboetako unitateen presioa 39etik 29ra jaitsi da urriaren 3tik 10era. Gela arruntetan dauden pertsonen kopurua ere jaitsi egin da azken egunotan: 57 paziente izatetik 48 izatera pasatu dira igandetik igandera.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Arabak (46,03) Bizkaiak (51,78) eta Gipuzkoak (65,65) baino intzidentzia metatu txikiagoa du, 14 egunean 100.000 biztanleko 60 kasutik gora jarraitzen duen lurralde bakarra baita, eta, beraz, covid-19aren transmisio-eremu berdetik gora dago.

Positibotasun-tasa % 2,4koa zen atzo. Nahiz eta ostiralean % 4,1era arte heldu, % 5etik behera jarraitu du.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (14 eguneko intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen du) 0,89koa da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan eman du pandemiaren bilakaeraren berri, covid-19aren bilakaerari buruzko datuak egunero zabaltzeari utziko ziola iragarri ondoren lehen aldiz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak