Gizartea -
Sahara
Bermeon bizi izandako brigadista saharar bat hil du Marokoko armadak aireko eraso batean
Marokoko hesitik gertu hil dute Jamal Uld Jalil Uld Bushab, 'Mohi'. 28 urteko brigadista sahararra bost urtez egon zen Bermeon, Oporrak Bakean programarekin, duela 15 urte izan zen hemen azkenekoz baina Bermeon bizi da bere anaia.
O.P. | Eitb Media
Bermeon bost urtez herrikide izan zen Jamal Uld Jalil Uld Bushab, Mohi, 28 urteko brigadista sahararra hil du Marorkoko Aire Armadak joan den larunbatean. Mendebaldeko Saharako hesitik gertu hil dute, beste kide batekin batera, airez egindako erasoan. Rageb Laarusi Txarki brigadako kidea larri zauritu zen eraso horretan eta gerora hil egin da.
'El Confidencial Saharaui' hedabideak azaldu duenez, Mendebaldeko Sahararen iparraldean dagoen Tifaritiko Bigarren Eskualde Militarraren errekonozimendu brigadetakoak ziren biak. Zeregin konplexua dute brigada horiek, informazioa lortzeko Marokoko harresi militarrera hurbildu behar izaten baitute, bai eta bertan sartu ere, zenbaitetan.
Mohi-k bost urte eman zituen Euskal Herrian, Bermeon, Oporrak Bakean egitasmoaren bitartez. 12 urte bete zituen urtean egon zen azkenekoz bertan, duela 15 urte.
Josu Ojinaga harrerako aitak Euskadi Irratian azaldu du ordutik harremana mantendu dutela Mohi-rekin, besteak beste, haren anaia Said eurekin bizi baita Bermeon. Dena den, ez zekiten gerrara joana zenik.
11 hilabete dira Fronte Polisarioak su etena amaitutzat jo zuenetik eta gerra bizi dago ordutik herrialde sahararraren eta Marokoren artean.
Erasoaren egun berean, Tindouf-eko kanpalekuetan eman duen prentsaurreko batean, Brahim Ghali Fronte Polisarioko buru eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (RASD) presidenteak 1991n NBEren babespean sinatutako su-eten akordioa berriz negoziatzeko eskatu du, "egoera berrietara" egokitu behar dela uste baitu.