Itxi

2021/11/22

13:15

Gizartea

Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak asteazkenean eskatuko dio covid ziurtagiria ezartzeko bermea Auzitegiari

Agentziak | EITB MEDIA

Chiviteren gobernuaren asmoa da azaroaren 27tik urtarrilaren 6ra bitarte diskoteka, dantzaleku, lizentzia bereziko establezimendu eta 50 mahaikide baino gehiagoko jatetxeetan eskatu ahal izatea.

  • Nafarroako justizia jauregia, artxiboko argazki batean.

    Nafarroako justizia jauregia, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Gaueko ostalaritzan eta jendetza biltzen duten jatetxeetan covid-19 ziurtagiria ezarri ahal izateko bermea asteazkenean eskatuko dio Nafarroako Gobernuak Justizia Auzitegi Nagusiari, Foru Gobernuak baieztatu duenez.

Baimena eskatzeaz gain, txertatzeko deia ere egingo du Gobernuaren Osasun Kontseilaritzak. Hala, inokulatuta ez dagoen eta txertoa jarri nahi duena FOREMera joan ahalko da, hitzordu barik.

Auzitegiak baimena emanez gero, honakoetan aplikatuko lukete osasun ziurtagiria: 50 mahaikide baino gehiagoko jatetxeetan, dantzaleku eta diskoteketan, kafe-ikuskizunerako lizentzia duten establezimenduetan eta lizentzia bereziko tabernetan. Azken horietan, gauerditik aurrera eskatuko dute osasun pasea. Halaber, jan-edana egin daitekeen barnealdeko ekitaldi jendetsuetan ere galdegingo dute. Neurria onartzekotan, azaroaren 27tik urtarrilaren 6era (biak barne) egongo litzateke indarrean.

Ziurtagiria Osasunbideko Osasun Karpeta Pertsonalean deskarga daiteke, behin eginda sakelakoan gordeta edo inprimatuta eraman daiteke. Hiru kasutan ematen da: txertaketa ziurtagiria (pauta osoa), proba negatiboaren egiaztagiria (azken 72 orduko PRC proba negatiboa eta azken 48 orduko antigeno proba negatiboa) edota osatze ziurtagiria (covid-19a gaindituta ematen da eta 180 eguneko balioa du).

Nafarroako Gobernuak bi aste eman ditu neurria sektorearekin lantzen eta negoziatzen. Ostalariek adostuta, adibidez, ziurtagiria eskatzeko ordua zehaztu dute (00:00etatik aurrera).

Era berean, prebentzio indibiduala indartzeko sentsibilizazio kanpaina jarriko du martxan Nafarroako Gobernuak. Barnealdeko tokietan eta kanpoaldean (distantzia manten ezin daitekeen lekuetan) maskara jartzea eta arrisku handiko ekintzak saihestea gomendatuko dute.

Izurriaren intzidentzia handia da Nafarroan (100.000 biztanleko 365 kasukoa da azken 14 egunetan). Igandean 198 positibo berri atzeman dituzte. Ospitaleetako egoera egonkor dago, baina goranzko joerarekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;