Itxi

2021/12/02

10:43

Gizartea

KORONABIRUSA

Covid ziurtagiriaren derrigortasuna beste eremu batzuetara zabaltzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza

ANE SATESTEBAN | EITB MEDIA

Lehendakariak ez du argitu nora. Hala ere, hori egin ahal izateko, proposamena berriro auzitegiei helarazi beharko lieketela esan du.

1:07
Iñigo Urkullu
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Jaurlaritza auzitegien bermea eskatzea aztertzen ari da, gaueko aisialdiaz eta ostalaritzaz harago, covid ziurtagiriaren derrigortasuna beste esparru batzuetara zabaldu ahal izateko, Iñigo Urkullu lehendakariak ostegun honetan aurreratu duenez.

Koronabirusaren transmisioa geldiarazteko prebentzio neurriak betetzen jarraitzeko beharra azpimarratu du lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzaren eskariari babesa eman dion Auzitegi Gorenaren epaia bere osotasunean ezagutzeko zain daudela gogorarazi du.

Gorenaren baimena jasotakoan, Euskadik covid pasaportearen eskakizuna abiatuko du, gaur bertan ziur asko.

Lehendakariaren hitzetan, Jaurlaritza aztertzen ari da ziurtagiri hori beste gune batzuetara sartzeko ere nahitaezkoa izatea, baina ez du argitu nora. Dena dela, horretarako auzitegien babesa beharko luketela gogorarazi du.

Covid-19aren kutsatzeek gora egin ahala, prebentzio neurri berriak hartzen ari dira gobernuak, zenbait egoera edo sektoretan covid-19 pasaportea eskatzeko, esaterako. Batzuk dagoeneko ezarri dute edo datozen egunetan egingo dute; beste batzuk, berriz, epaileen baimenaren zain daude edo neurria aztertzen ari dira.

Gaur bertan, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean iragarri duenez, bere gobernua adinekoen egoitzetan covid pasaportea ezartzea aztertzen ari da.

Espainiako Estatuan, Katalunian, Galizian eta Balearretan dagoeneko egiten dute, eta Katalunian derrigorrezkoa da ziurtagiria gimnasioetan, kirol-zentroetan edo musika-ekitaldietan sartzeko.

Itxura guztien arabera, covid pasaportea aste honetan bertan aktibatuko da Euskadin, eta, ingurumari honetan, Euskadiko gaueko aisialdian eta jatetxe handietan hasi dira dagoeneko covid ziurtagiria eskatzeko prestatzen, nahiz eta askok oraindik ez dakiten nola kudeatuko duten.

Dena dela, kezka da nagusi ostalarien artean; izan ere, osasun-larrialdia aktibatzeak ordutegietan eta edukieretan murrizketak ezartzea ekar lezake, baita gaueko aisialdia ixtea ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;