Gizartea -
memoria historikoa
Argantzongo Udalak omenaldia egin die 1936an herrian eraildako 11 pertsonei
Trebiñuko udalerrian gertatutako fusilamenduen 85. urteurrena gogoratu du ekitaldiak, eta diktadura frankistaren biktima guztiak oroituko dituen "Memoriaren Marka" bat inauguratu dute bertan.
agentziak | eitb media
Argantzongo Udalak frankismoaren 11 biktima omentzeko ekitaldia egin du igande honetan, horien fusilatzearen 85. urteurrenean. Bertan, Trebiñu Konderriko herrian eraildakoekin batera, biktima guztiak gogoratuko dituen "Memoriaren Marka" bat inauguratu dute. Iñigo Arregi eskultorea, memoriaren markaren egilea, bertan izan da eta, harekin batera, biktimetako biren senideek ere parte hartu dute.
Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkateak gogorarazi duenez, "kolpistek abian jarritako beldurrezko estrategiaren barruan", Trebiñun ezkerreko ideologien, errepublikarren, abertzaleen edo anarkisten aurkako errepresioak "zauri handia utzi zuen irekita".
Argantzonen kasuan, 1936ko uztailetik abendura bitartean, gutxienez 11 pertsona hil ziren Las Conchas aldean. Erreketeek eta falangistek osatutako eskuadroiek egin zituzten krimenok, eta tokiko agintari militarren laguntza izan zuten.
Biktimak herriko hilerrian erregistratu eta lurperatu zituzten baina, orain arte, horietako sei baino ezin izan dituzte identifikatu. Gainerakoen gorpuzkiak hilerriko hezurtegian daude orain, eta, beraz, ezinezkoa da horiek berreskuratzea.
Herrian hildako pertsonei omenaldia egiteaz gain, "gerran eta diktaduran zehar kartzela, lan-batailoiak, kontzentrazio-eremuak, isunak, desjabetzeak eta arazteak" jasan zituzten pertsona guztiak gogoratu dituzte. Alkateak adierazi duenez, "ez dugu amore emango memoriaren alde lanean jarraitzeko ahaleginean, baina baita justiziaren eta biktimen aitortzaren alde ere".
Ildo horretatik, gogorarazi du Bigarren Errepublika defendatu zutenak "sinetsita" zeudela gizarte "bidezkoagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko lanean ari zirela". Gainera, nabarmendu duenez, "gaur, 85 urte geroago, Argantzongo alkatetzatik balio horiek berretsi eta desberdinen arteko batasuna aldarrikatzen dugu, elkartasunean, duintasunean, feminismoan, ekologismoan eta aberastasunaren bidezko banaketan oinarri sendoak izango dituen Argantzon bat eta Araba bat eraikitzeko". "Zuek hasitako bidea jarraituko dugu", gaineratu du.