Itxi

Gizartea

Hezkuntza

"Eredu orokortu inklusibora jauzi" egiteko deia egin dute hezkuntza eragileek, sindikatuek eta euskalgintzak

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

"Euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa" lortu dute eragileek "Batuz Aldatuz" ekimenaren baitan, eta "egungo eredu diskriminatzailea" gainditzeko deia egin diete alderdiei.

  • Paul Bilbao, gainerako eragileen ordezkariak atzean zituela, prentsaurrekoan.

    Paul Bilbao, gainerako eragileen ordezkariak atzean zituela, prentsaurrekoan. Argazkia: @kontseilua

Hezkuntzako eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak, "Batuz Aldatu" adierazpenaren baitan bilduta, "euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa" lortu eta adierazpen batean jaso dute, Hezkuntza Legea aldatzeko prozedura zabaldu dela baliatuta. Euren ustez, adosten den eredu berriak egungo "sistema baztertzailea gainditu" beharko luke eta "ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatu" beharko lieke, "eredu orokortu inklusibo" baten bidez.

Ekainean "Batuz Aldatu" adierazpena izenpetu zuten 100 bat eragileek (tartean daude Kontseilua, Ikastolen Elkartea, EHIGE, Hik Hasi, Kristau Eskolak, Eusko Ikaskuntza eta Euskal Herriko gehiengo sindikala, besteak beste) hezkuntza alorrean "ereduen sistema segregatzailetik, eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko unea" dela azpimarratu dute gaur Gasteizen egindako prentsaurreko batean.

Azaldu dutenez, Legebiltzarrean Hezkuntza Legea berritzeko prozesua abiatu duten honetan, eragileok "konpromisoa" hartu dute "eredu orokortu inklusibo" horren aldeko beharra defendatzeko, eredu hori baita, euren ustez, "aukerarik justuena eta berdinzaleena". Eragileok nahi dute lege berriak "berariaz" jaso dezala eredu bakar eta orokortu hori.

Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egindako agerraldian, orain arte indarrean egon den hezkuntza ereduak egindako ekarpenari "aitortza" egin behar zaiela azpimarratu dute eragileek. "Milaka eta milaka herritar euskaldundu dira. Halere, oraindik ezagutzaren unibertsalizaziotik urrun gaude", nabarmendu dute.

Hala, "sistemak arrakalak" agerian daudela uste dute, "gaur-gaurkoz ikasle askori ez baitzaio euskarazko gaitasun egokia eskuratzeko eskubidea bermatzen". Horren harira gogorarazi dutenez, Euskararen Legeak berak jasotzen du administrazioak gaitasun hori bermatzeko betebeharra duela. "Betebehar hori ez da betetzen ari", ohartarazi dute, eta hori bermatzea "ezinbestekoa" da "gizarte kohesioan eta berdintasunean aurrera egiteko".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena