Itxi

2021/09/19

07:43

Gizartea

HEZKUNTZA

"Publiko-pribatu dikotomia gabeko hezkuntza sistema" proposatu du EH Bilduk

EITB MEDIA

Hezkuntza eredua errotik aldatzeko proposamena landu du ezker abertzaleko koalizioak. Besteak beste, sare publikoaren eta itunpekoaren banaketarekin amaitzea, euskal hiztun eleanitzak lortzeko murgiltze eredu bakarra eta udalen parte-hartze handiagoa bermatuko lukeen eredua jarri du mahai gainean.

  • Argazkia: EITB Media.

    Argazkia: EITB Media.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EH Bilduk hezkuntza sistemari buruzko proposamena egin du, zeresana emango duena. Atzo, Donostian egindako konferentzia politikoan, hamar afiliatutik ia bederatzik babestu zuten zuzendaritzak aurkeztutako proposamena.

Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatea oinarri hartuta egindako proposamena da, eta EH Bilduk egungo hezkuntza sistemaren sakoneko eraldaketa proposatzen du. Besteak beste, sare publikoaren eta itunpekoaren banaketarekin amaitzea, euskal hiztun eleanitzak lortzeko murgiltze eredu bakarra eta udalek matrikulazio zein bertako hezkuntza proiektuan eskumen handiagoa izatea proposatu ditu ezker abertzaleko koalizioak.

"Publiko eta itunpeko dikotomikoarekin amaitzeko ordua"  iritsi da, Pello Otxandiano  EH Bilduko Programa zuzendaria.  "Bi abiadura" dituen hezkuntza sistema ez dela bideragarria iritzi dio, eta horregatik, "planteamendu bateratzaile batera salto" egin eta "hezkuntza sistema errotik" aldatzea proposatzen du.

Mahai gainean jarritako testuaren arabera, ikastetxe bakoitzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hitzarmena adostuko luke, eta konpromiso batzuen truke finantzaketa osoa,  % 100, publikoa izango litzateke, betiere, egungo izaera juridikoa galdu gabe. Horrek esan nahi du sare horretako ikastetxeak aukeratuta familiek ez luketela kuotarik ordainduko. Hitzarmenetik kanpo geratzen diren eskolek ez lukete Jaurlaritzatik dirurik jasoko.

D ereduak derrigorrezko hezkuntza amaituta euskalduntzea lortu ez duela ikusita, galdera jarri du EH Bilduk mahai gainean: "Derrigorrezko eskolaldiaren amaieran euskal herritar guztiek eleanitzak izan beharko al lukete? Bai ala ez? Hori bada helburua, zein da irtenbidea?".

Entzun Euskadi Irratiko Goiz Kronikan Otxandianori egindako elkarrizketa osoa

Bildarratz: "Udazkenerako urratsak ikusiko ditugu"

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, orain bi aste, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere hezkuntza itun berria adosteko premiaz hitz egin zuen, eta testua ontzen ari zirela aurreratu zuen.

Sailburuaren hitzetan, datorren 30 urteetarako oinarri izango den testua izango da, egoera berrietara moldatuko dena. "Atal asko jorratu behar dira, hezkuntzaren deszentralizazioa, sare ezberdinen arteko orekak, giza kohesioa, etorkin kopurua...", adierazi zuen Bildarratzek. Baikor agertu zen sailburua, epe laburrean emaitzak espero baititu: "Udazkenerako, hezkuntza hitzarmenaren inguruan urratsak ikusiko ditugu".

Udalekin harremanak landuko dituztela  baieztatu zuen, sailburuak ere: "Udalak eskatzen ari dira beraiek ere parte hartzea eta ari gara esperientzia pilotoa martxan jartzen, noraino iritsi gaitezkeen jakiteko", azaldu du. Hezkuntza sailburuaren hitzetan, "elkarrekin egin behar da bidea, ikastetxea ahalduntzeko'".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;