Gizartea -
Koronabirusa
65 urtez beherako kutsatuek hirugarren dosia diagnostikotik lau astera jasoko dute
Gainera, litekeena da hirugarren dosia jasotzeko epea aurki hiru hilabetera murriztea, txertoen batzordeko iturriek jakitera eman dutenez. Egun pauta bukatu eta sei hilabetera jasotzen da hirugarren dosia.
Agentziak | EiTB Media
Koronabirusarekin kutsatu diren 65 urtez beherako pertsonak hirugarren dosia diagnostikotik lau astera jasoko dute, beti ere pauta bukatu eta sei hilabete pasa badira, txertaketa estrategiaren azken eguneratzearen arabera.
Hala ere, litekeena da hirugarren dosia jasotzeko epea aurki hiru hilabetera murriztea, txertoen batzordeko iturriek jakitera eman dutenez. Egun pauta bukatu eta sei hilabetera jasotzen da hirugarren dosia. Batzordea babesa indartzeko dosia aurreratzeko aukera aztertzen ari da jadanik, inguruko beste herrialde batzuek dagoeneko egin bezala. Baina azken erabakia Osasun Publikoko Batzordeak izango du.
40-65 adin tarteko kolektiboarentzako hirugarren dosia ez dute gaurdaino zehaztu txertaketa estrategian. Azaroaren 2ko bertsioan, omikron agerraldia baino askoz lehenago, 70 urtez gorakoen eta egoitzetako adinekoen immunizazioa arautzera mugatu ziren.
Horrela, Osasun Publikoko Batzordeak orduz geroztik hartutako erabaki guztiak jaso ditu dokumentuak, aldaera berriak eragindako tsunamiari eusteko helburuarekin, 40 urtez gorakoen hirugarren dosia eta 5-11 adin tarteko umeen txertaketa esaterako.
Orduz geroztik, kutsatze gehienak 40-49 eta 50-59 adin tarteetan eman dira: 40 urtez gorakoen artean 100.000 biztanleko 3.000 positibo dira, eta 50 urtez gorakoen artean 3.400.
Testuingurua ikusita, hirugarren dosia jasotzeko zorian dauden adin tarteentzako (bigarren dositik sei hilabetera) atal bat jaso du eguneratze berriak; izan ere, kutsatzeengatik atzeratzera beharturik egon dira kasu askotan.
Oraingoz, 40 eta 65 urte arteko pertsonentzako hirugarren dosia infekzioaren diagnostikotik gutxienez lau astera finkatu dute -guztiz sendaturik eta isolamendua bukatu baldin badute- beti ere Pfizer edo Modernarekin bigarren dosia jaso eta sei hilabetera, eta hirura AstraZenecarekin edo Janssenekin.