Gizartea -

Indarkeria matxista

Frantzian atxilotu dute Tuteran eraildako emakumearen senarra

41 urteko atxilotuak emaztea hil zuela arrazoitzen duten zantzuak daude, Tuterako guardiako epailearen arabera. Emakumea hil ostean, Nafarroatik alde egin zuen, eta Boiseredon (Frantzia) harrapatu dute.

Foruzaingoaren auto bat, bikotearen etxebizitzaren aurrean. Argazkia: EFE
Foruzaingoaren auto bat, bikotearen etxebizitzaren aurrean.
Tuteran eraildako emakumearen senarra Bordele iparraldean atxilotu dute, Boisredon herrian

1:15

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tuteran hildako emakumearen senarra atxilotu dute, Frantzian agertu ostean. 41 urteko atxilotuak emaztea hil zuela arrazoitzen duten zantzuak daude, Tuterako guardiako epailearen arabera.

Emakumea hil ostean, Tuteratik alde egin zuen, eta Boiseredon (Frantzia) agertu da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

Orain, emakumeen indarkeriaren aurkako kasuetan espezializatuta dagoen Tuterako Instrukzioko bigarren epaitegira bideratuko du kasua epaile horrek.

Epaileare erabakia jakin aurretik, Tuteran (Nafarroa) eraildako emakumearen senarra bilatzeko agindua eman die gainerako poliziei Foruzaingoak, hilketa matxista gisa ikertzen ari ziren honetan.

Sortzez Cortes herrikoa zen Sara Pina 38 urteko emakumea da eraildakoa. Irakaslea zen Castejongo Dos de Mayo eskola publikoan. Biktima duela gutxi bizi zen 41 urteko gizonezkoarekin.

Polizia iturrien arabera, familia jarri zen Foruzaingoarekin harremanetan, bikotearen berri ez zutela eta. Etxebizitzara joan, eta inork zabaltzen ez zuela ikusita, indarrez sartu ziren agenteak 10:30ean. Logeletako batean topatu zuten gorpua, indarkeria zantzuekin.

Remirez: "Ikerketa lerro guztiak zabalik daude, baita genero indarkeriarena ere"

Hilketaz galdetuta, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaile eta presidenteorde lehenak ikerketaren emaitzen zain egoteko deia egin du. "Ikerketa lerro guztiak zabalik daude, baita genero indarkeriagatik egindako hilketarena ere".

Tuterako 1. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak hartu du hilketa ikertzeko ardura, eta sekretupean jarri. Aurrena, indarkeriazko heriotza izan dela baieztatu beharko du autopsiak (gaur bertan egingo diote Iruñeko Auzitegi Medikuntzako Institutuan).

Tratu txar salaketarik ez

Oraingoz, "indarkeriazko zantzuak dituen judizializatutako heriotza gisa" ikertzen ari dira, Foruzaingoko iturriek EFEri zehaztu diotenez. Ez zegoen tratu txarren salaketarik, baina hala izan ohi da hilketa matxisten % 80an

Bitartean, Cortesko Udalak ezohiko bilera egingo du arratsaldean eta elkarretaratzea ditu 20:00etan hilketa gaitzesteko.

Horrez gain, dolumin mezua eskegi du sare sozialetan. Emakumeari "pasarazitako une onengatik" eskerrak ematen dizkiote (herriko antzerki taldean omen zebilen), baita bere "izateko moduagatik" ere. Udalak eskela ere partekatu du. Bihar egingo dute emakumearen aldeko hileta.

Tuterako Udalak, berriz, asteazkenean egingo du ezohiko bilkura. Nafarroako Gobernuak hilketa gaitzetsi du eta krimena salatzeko antolatu daitezkeen mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin du.

Tuterakoa hilketa matxista dela baieztatuko balitz, 2022an Euskal Herrian gertatzen den lehena izango litzateke.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Tutera Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Foruzaingoa