Gizartea -

Greba Hezkuntzan

Duela astebeteko grebak baino jarraipen txikiagoa izaten ari da gaurkoa Ipar Euskal Herrian

Hezkuntza Ministerioaren arabera, irakasleriaren % 2k egin du bat lanuztearekin. Baxoaren probak atzeratzea galdegin dute sindikatuek.

Pasadan ostegunean egindako manifestazioa. Argazkia: EITB Media
Pasadan ostegunean egindako manifestazioa.
Pasadan ostegunean egindako manifestazioa. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur zortzi greba "arrakastatsua" egin ostean, lanuztea zegoen deituta gaur hezkuntza alorrean Ipar Euskal Herrian, eta oro har Frantziako Estatuan, ikasgeletako covid-19 protokolo berria tarteko. Hezkuntza Ministerioaren arabera, irakasleriaren % 2k egin du bat lanuzteekin, duela zazpi egun baino nabarmen gutxiago (jarraipen zabala izan zuen).

Sindikatu gutxiagok babesten zuten gaurko greba eguna; izan ere, joan den osteguneko mobilizazioa amaitu ostean, ordezkari sindikalen aldarrikapen batzuk onartu zizkien Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak, baina baxoaren probak atzeratzea akordiotik kanpo geratu zen, eta hori eskatzeko egingo dute gaurko lanuztea.

Blanquerrek ostiralean iragarri zuenez, 3.300 irakasle kontratatuko dituzte urte amaierara arte, batez ere, ordezkapenak egiteko, eta beste 4.700 langile (administrazio alorrekoak, zaintzaileak...) bestelako lanak egiteko. Gainera, bost milioi FFP2 maskara banatuko dituzte, baita kirurgikoak ere.

Baxoaren proba partzialak atzeratzea eskatzen zuten sindikatuek, eta hori aztertuko zela esan zien Blanquer ministroak, baina aztergai geratu zela eta, presioa egiteko deitu dute gaurko greba.

Baionn 12:30ean egin dute manifestazioa; Pariskoa 14:00etan zen egitekoa. Horren kontura ika-mika izan da. Izan ere, antolatzaileek baimena garaiz eskatu ez dutela argudiatuta, prefetak ez zion martxari oniritzia eman, baina berdin-berdin egingo zutela iragarri zuten sindikatuek. Prefeturatik ohartarazi dutenez, arau-hausteengatik legeak aurreikusten dituen ondorioei (isunei, besteak beste) aurre egin beharko diete sindikatuek. Kritiken jomuga bilakatu da Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroa eskolen covid protokoloa iragarri zuenean Eivissan (Balearrak) zegoela jakin denetik, are beroago daude animoak, eta gehiago dira mobilizazioei eusteko deiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia bideoak Baionako albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntzako albisteak 2024 Manifestazioak Sindikatuen albistea Koronabirusaren olatua gaur Macronen Gobernua