Gizartea -
ARGITALPEN BERRIA
Emakumeen laurden batek baino gehiagok indarkeria matxista jasan dute inoiz
Kezkagarria da emakumeen kontrako indarkeria gero eta adin txikiagotan gertatzen dela. Txostenaren egileek uste dute nerabezaroa eta helduaroaren hasiera direla bizitzako etapa garrantzitsuenak harreman osasuntsuen oinarriak eraikitzeko.
EITB MEDIA
15 eta 49 urte bitarteko emakumeen laurden batek baino gehiagok bikotekidearen indarkeria jasan dute inoiz, The Lancet egunkariak ostegun honetan argitaratu duen ikerketa baten arabera. 2000 eta 2018 arteko datuak barne hartzen ditu ikerketak.
Nabarmentzekoa da sexu-indarkeria edo indarkeria fisiko hori gero eta adin txikiagotan gertatzen dela. Datuen arabera, 15-19 urteko emakumeen % 24k gutxienez behin jasan dute indakeria matxista. Dokumentuaren egileetako batek, Lymarie Sardinhak, "kezkagarritzat" jo du; izan ere, nerabezaroa eta helduaroaren hasiera "bizitzako etapa garrantzitsuak dira, eta harreman osasuntsuen oinarriak eraikitzen dira".
Argitaratutako datuen arabera, covid-19aren pandemia baino lehen, noizbait bikotekidea izan duten 15 eta 49 urte bitarteko emakumeen % 27k bikotekidearen indarkeria fisikoa eta/edo sexuala jasan dute inoiz. Are gehiago, galdetutakoen artean, zazpitik batek (% 13) azken 12 hilabeteetan jasan du.
Ikerketa horren arabera, gobernuek ez dituzte behar bezala betetzen emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko helburuak. "Azken 20 urteetan aurrerapenak egin badira ere, oraindik ez dira nahikoak 2030erako ezarritako garapen jasangarrirako helburuak emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko helburua lortzeko", esan du Claudia Garcia Morenok, ikerketaren egile nagusi eta Munduko Osasun Erakundeko kidea ere badenak.
Halaber, gaineratu duenez, "ikerketa hau covid-19aren pandemiaren aurretik egin bazen ere, datuak kezkagarriak dira, eta ikerketek erakutsi dute pandemiak areagotu egin dituela bikote-indarkeria eragiten duten arazoak, hala nola isolamendua, depresioa eta antsietatea, eta alkoholaren kontsumoa, laguntza-zerbitzuetarako sarbidea murriztea ahaztu gabe".