Gizartea -
GRIPEAREN AURKAKO KANPAINA
65 urtetik gorako 10 pertsonatik 7k baino gehiagok gripearen aurkako txertoa hartu dute Euskadin
Arnas infekzio akutuak zaintzeko sistema berriaren arabera, Euskadin gripe-kasuek gora egin dute, nahiz eta ez duen eraginik asistentzia-sisteman. Aipatzekoa da gripearena baino covid-19aren birusa dela, oraindik ere nagusi, herritarren artean.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Osakidetzak, guztira, 562.840 txerto eman ditu 2021eko gripearen aurkako txertaketa-kanpainan, 2019an baino % 45 gehiago. 65 urtetik gorako pertsonen artean, kopuruak gora egin du, 10 pertsonatik 7k baino gehiagok jarri baitute gaixotasun horren aurkako txertoa Euskadin.
65 urte edo gehiago dituzten pertsonei emandako gripearen aurkako txertoen kopuruak etengabe egin du gora azken hiru urteetan, % 73,7ra iritsi arte; izan ere, adin tarte horretan 379.717 pertsona txertatu dira. Euskal osasun zerbitzutik adierazi dutenez, emaitzak are hobeak dira adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonen kasuan, gripearen aurkako txertoaren estaldura % 86,7ra iristen baita.
Arnas infekzio akutuak zaintzeko sistema berriaren arabera, Euskadin gripe-kasuek gora egin dute, nahiz eta ez duen eraginik asistentzia-sisteman. Dena dela, covid-19a eragiten duen birusak nagusi izaten jarraitzen du Euskadin.
Bigarren urtez jarraian, gripearen aurkako txertaketa-kanpaina herritar guztiei zuzendu zaie. Halaber, 2021ean ohiko txertaketa-puntuak berreskuratu dira: osasun-zentroak, anbulatorioak eta kontsultategiak.
Gogoratu behar da aurtengo kanpainan 70 urte edo gehiago dituzten pertsonei covid-19aren aurkako txertoa eta gripearena egun berean hartzea gomendatu zaiela eta guztira 132.760 pertsona izan direla biak aldi berean hartu dutenak.