Gizartea -

EPAIKETA

Akusazio partikularrak zalantzan jarri du Cabezudoren defentsaren lekukoetako baten deklarazioa

Modeloaren arabera, nahiz eta adingabea izan, gurasoen baimena zuen argazki-saioak egiteko. Hala ere, akusazio partikularrak erakutsi duen kontratu batek gezurtatu egin du, ez baitzuen inongo tutoreren sinadurarik.

Kote Cabezudo argazkilariaren epaiketaren lehenengo saioa. Irudia: EITB Media
Kote Cabezudo argazkilariaren epaiketaren lehenengo saioa
Kote Cabezudo argazkilariaren epaiketaren lehenengo saioa. Irudia: EITB Media

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketak aurrera jarraitzen du. Hamaikagarren saioan, Kote Cabezudoren defentsaren lekukoek eman dituzte testigantzak: argazkilariarekin aritutako bi makillatzailek, bost modelok eta bere emazte ohiak. Gaurko saioa ere ateak irekita egin da.

10:00k pasatxo hasi da auzi-saioa eta deklaratzen lehenak modeloekin eta argazkilariarekin urteetan lan egin zuten bi makillatzaile izan dira. Horietako batek berretsi du ez zuela "sekula" modeloen artean ez urduritasunik ez kezkarik nabaritu, eta ez zuela inor beraz gaizkiesaka entzun. Biak bat etorri dira esatean neskak "interes handiarekin eta gogoz" joaten zirela argazki-saioetara.

Cabezudorekin lan egindako bost modelok ere eman dute testigantza. Horietako batek onartu du, batzuetan, saioak pornografikoak izaten zirela. Hala ere, horretaz "kontziente" zela adierazi du: "Dena adostuta zegoen, hasieratik argi zegoen zer egingo zen", gaineratu du.

Adingabea zenean hainbat saio egin zituen beste modelo batek esan du gurasoen baimenarekin lan egin zuela beti. Hala ere, akusazio partikularrak bere kontratu bat erakutsi dio epaiketan, eta dokumentuan ez zen tutoreen inongo firmarik ageri.

Modelo guztiak bat etorri dira esatean argazkilariarekiko tratua "ona eta profesionala" zela, eta inoiz ez zutela nahi ez zuten ezer egin eta Cabezudok "beti errespetuz" jokatu zuela haiekin. Horietako batek nota jarri dio: "Profesional gisa hamarreko bat jarriko nion", esan du.

Epaiketaren gaurko saioak akusatuaren emazte ohiaren deklarazioa ere jaso du, eta Cabezudok egindako argazkiak gizon eta emakumeen biluzi "artistikoak" zirela adierazi du, eta sekula ez zela neskarik hurbildu senarrak "zerbait" egin ziela esatera. Epaiketak datorren astean ekingo dio berriz ere.

Gogoratu fiskaltzak 121 urteko kartzela-zigorra eskatu duela akusatuarentzat, 32 delitu egotzita; haur-pornografia, sexu-abusua eta iruzurra, besteak beste. Akusazio partikularrak, baina, 2.400 urteko zigorra eskatu du. 74 urteko argazkilari donostiarrak bere aurkako salaketa guztiak ukatu ditu, eta modeloek ez zutela nahi ez zuten ezer egin azaldu du bere deklarazioan. 

Azken bi asteotan testigantzak eman dituzten modelo batzuk jasandako sexu-abusuak deskribatu dituzte. Gogorrena, argazkilariari 150 bortxaketa egitea leporatu dion emakumearena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea