Gizartea -
Ikasleen greba
Aske gelditu dira Arabako Campusean izandako istiluetan atxilotutako 34 gazteak
Ikasle Abertzaleak hezkuntza erreformen aurka deitutako greba egunaren testuinguruan, Ertzaintzak 34 pertsona atxilotu zituen kalteak eta desordena publikoak eragitea leporatuta.
EITB MEDIA
Atzo Arabako Campusean izandako istiluetan atxilotutako 34 gazteak aske gelditu dira, Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak ostiral honetan baieztatu duenez.
Gaur goizean Donostian egin den prentsaurreko batean, atzoko istiluak gaitzetsi ditu sailburuordeak. Ikasle Abertzaleak hezkuntza erreformen aurka (Hezkuntza erreformak gelditu lelopean) deitutako greba egunaren testuinguruan, Ertzaintzak 34 pertsona atxilotu zituen kalteak eta desordena publikoak eragitea leporatuta.
Ertzaintzak guztira 34 ikasle atxilotu zituen, Gasteizko unibertsitate-campuseko hainbat fakultatetan eragindako istiluen ustezko egileak zirelakoan. Gainera, hainbat pertsona identifikatu zitten Farmazia eta Letren fakultateetan eta Las Nieves eraikineko ikasgelategian izandako gertakarietan parte hartu zutelakoan.
Segurtasun Sailaren arabera, istiluak goizeko bederatzi eta erdiak aldera hasi ziren, Euskal Herriko Unibertsitateak Arabako hiriburuan duen campusean. Kaputxadun talde bat hainbat fakultatetan sartu ziren, petardoak botaz, pintadak eginez eta kalte material ugari eraginez.
Gipuzkoako Campusean ere izan ziren istiluak. Hainbat gazte lau eraikinetan sartu ziren eta kalteak eragin zituzten, baina Gasteizen baino txikiagoak. Donostian ez zuten inor atxilotu.
EHUk istiluak gaitzetsi ditu eta adierazi du "ikasleria ordezkatzen ez duen gutxiengo batek bizikidetzaren kontrako erasoa" izan dela. Halaber, jakinarazi du kalteak zenbatzen ari direla eta datu guztiak dauzkatenean salaketa aurkeztuko dutela.