Gizartea -

EPAIKETA

Biktima baten eta informatikan aditua den ertzainaren testigantzak entzun dira Cabezudoren aurkako epaiketan

Emakume jakin baten irudiak aztertu dituzte, besteak beste, gaurko saioan, eta perituak argi utzi du sexu irudi esplizituak erakusten zituzten irudietan agertzen zen modeloa adin txikikoa zela argazkiak atera ziren unean.

Kote Cabezudo argazkilariaren epaiketaren lehenengo saioa. Irudia: EITB Media
Kote Cabezudo argazkilariaren epaiketaren lehenengo saioa
Kote Cabezudo argazkilariaren epaiketaren lehenengo saioa. Irudia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Auzitegian aurrera jarraitzen du Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako epaiketa. Hamabigarren saioan, besteak beste, informatikan aditua den ertzain batek deklaratu, eta instrukzio-fasean egindako hainbat txosten banan-banan aletu ditu eta biluzik azaltzen diren modelotako batzuk argazkiak atera ziren garaian adin txikikoak zirela baieztatu du.

Emakume jakin baten irudiak aztertu dituzte gaur saioan, eta perituak ez du zalantzarik: 'pornografiko' hitza erabili gabe, sexu irudi esplizituak erakusten zituzten irudietan agertzen zen modeloa adin txikikoa zen argazkiak atera ziren unean.

Bestalde, bi webguneetako argazkiak erreplikatzen zituzten Interneteko bi orriren inguruan galdetuta azaldu du Cabezudoren argazkiak erreplikatzen zituzten orri horietako batek Cabezudoren argazki-saioetako "azalak" bakarrik argitaratzen zituela, ondoren trafikoa akusatuaren webguneetara berbideratzeko. Perituek ezin izan dute frogatu, halere, eduki pornografikoa eskaintzen zituzten web orri horietan jarritako argazkiak Cabezudok berak jarri zituen edo berak ordaindutako informatikaren batek.

Dena dela, argi utzi du trafikoa webgunera nondik datorren jakitea erraza dela, eta Cabezudok, nahi izatera, bazuela aukera trafikoaren jatorria ezagutzeko.

Gogora ekarri du, halaber, akusatuaren etxebizitzaren bigarren miaketa batean parte hartu zuela, 2016an. Orduan, Ertzaintzak ordenagailu bat, bi eramangarri, disko gogor batzuk, memoria-txartel bat eta hainbat "pendrive" atzeman zituen, 2014ko lehen erregistroan atzeman ez zituztenak.

Biktima batek ere deklaratu du, ateak itxita, bideokonferentzia bidez. Fiskaltzaren akusazio-idazkiaren arabera, 2007an, 19 urte zituela, Kote Cabezudorekin argazki-saioren bat egin zuen, eta argazki biluziak egin zizkion. Honen esanetan, material grafikoarekin zer egin nahi zuen "ez zion behar bezala esan akusatuak".

Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko presidenteak ere eman du bere testigantza gaurkoan, eta Cabezudoren aurkako kexurik ez zutela inoiz izan adierazi du.

Gainera, Cabezudoren bi webguneetarako "ordainpeko" banku-zerbitzuekin "pasabidea" garatu zuen informatikari bat ere izan da epaiketan. Horren hitzetan, argazkilaria behin edo behin kexatu zen bere irudiak webguneetatik beste atari batzuetara deskargatzen zituztelako eta, ondorioz, bere interesetarako "galera ekonomikoa" eragiten zutelako. Informatikari horren esanetan, garai hartan bere enpresa ez zegoen Datuak Babesteko Agentzian izena emanda, eta webguneen "arduradunaren gain" zegoen webgunearen kudeaketa.

Fiskaltzak 121 urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat, 32 delitu egotzita; haur-pornografia, sexu-abusua eta iruzurra, besteak beste. Akusazio partikularrak, baina, 2.400 urteko zigorra eskatu du. 74 urteko argazkilari donostiarrak bere aurkako salaketa guztiak ukatu ditu, eta modeloek ez zutela nahi ez zuten ezer egin esan du bere deklarazioan. 

Azken bi asteotan testigantzak eman dituzten modelo batzuek jasandako sexu-abusuak deskribatu dituzte. Gogorrena argazkilariari 150 aldiz bortxatu izana leporatu dion emakumearena izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea