Gizartea -

Epaiketaren lehen saioa

Gasteizen bikotekide ohiaren mutil-laguna labankadaz hil zuen gaztea: "Zerbait txarra egin nuen"

27 urteko gazteak adierazi du egindakoa "ordaindu" nahi duela, baina akusazioen eskakizuna "gehiegizkoa" iruditzen zaio.

Epaiketaren lehen saioa, Arabako Lurralde Auzitegian. Argazkia: EiTB Media
Epaiketaren lehen saioa, Arabako Lurralde Auzitegian. Argazkia: EiTB Media
Epaiketaren lehen saioa, Arabako Lurralde Auzitegian. Argazkia: EiTB Media

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen bikotekide ohiaren mutil-laguntza labankadaz hiltzeagatik auzipetutako gazteak onartu du "zerbait txarra" egin zuela. Egindakoa "ordaindu" nahi duela erantsi du, baina akusazioen eskakizuna "gehiegizkoa" iruditzen zaio.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 27 urteko gazteari 12 urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu dute. Akusatuak epaiketaren lehen saioan onartu duenez, Mohamed hil zuen labankadaz, baina besaburuan soilik zauritu nahi zuela ziurtatu du, aldez aurretik biktimak jo eta iraindu zuelako.

Arabako Lurralde Auzitegian epaitzen ari diren gertakariak 2021eko otsailaren 10ean jazo ziren, Gasteizen. Akusatuak 18 urteko Mohamed hil zuen, auzipetuak berak aitortu bezala, arma zuri batekin. Labana ezin izan zuten aurkitu.

Heriotza eragin zion labankada akusatuaren eta biktimaren arteko eztabaida batean jaso zuen bigarrenak, auzipetuaren bikotekide ohiaren mutil-lagunak.

Akusatuak ziurtatu du ez zuela biktima hil nahi, eta labana defendatzeko bakarrik atera zuela. Auzipetuaren hitzetan, "ez nuen gaizki geratu nahi", Mohamedek jo eta iraindu ostean.

"Bakean uzteko kolpe bat bakarrik eman nahi nion"

Astelehen honetako bertsioaren eta akusatuak instrukzio fasean emandako testigantzaren arteko "kontraesan" batzuetan arreta jarri du Fiskaltzak.

Horrela, Ministerio Publikoak gogorarazi duenez, instrukzio fasean akusatuak labana poltsikoan ireki zuela esan zuen, biktimari eraso egiteko atera baino lehen.

Bestalde, fiskalaren arabera, Mohamedek ukabilkada bat eman ziola adierazi zuen auzipetuak hasiera batean, baina astelehen honetako deklarazioan eskaileretatik bota eta lurrean zela ostikoak eman zizkiola erantsi du.

Labana defendatzeko erabili zuela errepikatu du inputatuak. "Bakean uzteko kolpe bat bakarrik eman nahi nion", esan du. Azaldu duenez, defendatzeko arma hartu zuen, Mohamedek eraso egin ziolako aurrekoetan. "Beti jipoitzen ninduen", ziurtatu du.

Azkenik, labana "lorategi batean" bota zuela kontatu du, baina norbaitek aurkitu eta eraman zuela, arma ez delako oraindik agertu. Zentzu horretan, Poliziak ez topatzeko beste nonbaiten ezkutatu izana ukatu du gazteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Erailketak