Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
34 urteko gizon bat atxilotu dute, Barakaldon eta Sestaon zazpi sexu-eraso egitea leporatuta
Epailearen aurretik igaro ondoren, gizona espetxean sartu dute. Orain baino lehen, 25 aldiz baino gehiagotan atxilotu du Ertzaintzak, besteak beste, sexu- erasoak, mehatxuak edota lapurretak egiteagatik.
EITB MEDIA
Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu du, Barakaldon eta Sestaon emakumeen aurkako zazpi sexu-eraso egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Epailearen aurretik igaro ondoren, espetxean sartu zuten atzo.
Zehazki, sexu-askatasunaren aurkako zazpi delitu horietatik bost Barakaldon eginak lirateke, eta gainerako biak, Sestaon.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, erasotzailearen jokabidea bertsua zen: biktimarengana hurbiltzen zen ukituak egiteko asmoz, eta emakumeak aurre egiten bazion, oldartu egiten zitzaion.
Igandean, esaterako, gizon batek sexu-abusuak egin zizkiola salatu zuen emakume batek Barakaldon, eta, gainera, labana batekin mehatxu egin ziola. Abiatutako ikerketaren ondotik, ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu egin zuten.
Orain baino lehen, 25 aldiz baino gehiagotan atxilotu du Ertzaintzak, besteak beste, sexu- erasoak, mehatxuak edota lapurretak egiteagatik.